Ezker abertzalearen 'Abian' prozesuaren baitan herritarrekin batzarrak egingo dituzte

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 23a, 13:05

Ezker abertzalea egiten diharduen Abian izeneko birmoldatze prozesuaren txostena eta herrian egingo dituzten hurrengo ekimenak aurkeztu ditu Bergarako Ezker Abertzaleak. Prozesuaren lehen fasean ezker abertzalearen inguruko berrogeita hamar bat pertsonen ekarpenak jaso dituzte, eta orain, herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte. Horretarako, batzarrak egingo dituzte martxoaren 5ean eta 12an eta apirilaren 16an.

Fase berri honetan, presoen ekarpenak ere jaso nahi dituzte Ezker abertzalekoek. Asteburuan, Bergarako herritar talde bat Algecirasera joan zen, hango espetxean preso dagoen Joxe Migel Gaztelu bergararraren etxeratzea eskatzera, eta gutun bat entregatu zuten kartzelan Gazteluri helarazteko asmoz, prozesu horretan parte hartu dezan.

Abian prozesuaren bitartez Euskal Preso Politikoen etxeratzea lortzeko bide-orri eraginkor bat lortu nahi dute, Ibai Redondo bozeramaleak azaldu duenez. Zentzu horretan, mobilizazioekin jarraituko dutela azaldu dute, eta zapatu honetan, hilak 27, egingo duten Askatasun egunean parte hartzeko dei egin diete bergararrei.

Presoen gaiaz gain, baina, beste hainbat gai jasotzen ditu Abian txostenak: "E.T.A. erakundearen armagabetzea, bi aldeetan sortu diren biktimen aitortza eta erreparazioa nola egin, eta, besteak beste, indar okupatzaileek, hau da, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta militarrek, Euskal Herritik alde egiteko egin beharrekoa"; hala azaldu du Redondok.

Independentzia eta sozialismoa helburu

Dena den, agerraldian azaldu zuten bakea ez dela Ezker Abertzalearen helburu bakarra, eta Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa dutela jomugan, eta norabide horretan estrategia berrikusi eta independentzia prozesu herrikoi bat martxan jarri nahi dutela. Zentzu horretan, erantzun beharreko hainbat galdera planteatu dituzte:

Independentziaren aldeko herri aliantza nola lortu; horretarako zein diskurtso erabili, edota bide horretarako lan molderik egokienak zeintzuk diren. Baita garai berriak eskatzen duten kultura politiko berria jorratzeko beharrezko tresnak eta herri mugimenduarekin eta EH Bildurekin nola lan egin behar duten aztertzea ere.

Batzarrak

Gai horiek herritarrekin batera lantzeko, hiru batzar egingo dituzte Bergaran, martxoaren 5ean, martxoaren 12an eta apirilaren 16an. Hirurak 09:30ean hasita. Euren burua Ezker Abertzalekotzat duten guztiak daude parte hartzera deituta.

Batzar horietan parte hartzen dutenek erabakiak hartuko dituzte bozka bidez, eta bukaeran, bertatik ateratako ondorioak bilduko dituen txosten bat kaleratuko dute.Batzar horietan umeen zaintza zerbitzua izango da.

Abian txostena Ezker Abertzalearen webgunean eskuratu daiteke, baita Arrano tabernan edo herriko Ezker Abertzaleko kideei eskatuta ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak