Hotz Bergara elkarteak Gazte Asanbladarekin elkarlanean egin zuen herritarrek emandako materiala errefuxiatuei bidaltzeko diru bilketa kanpainako azken ekintza. Hitzaldia egin zuten Basque Lifeguards taldeko bi suhiltzailek eta kontzertua Pelax & Cowboy’s Orchestra taldeek. Horrekin batera ikusgai egon zen Kartzela Zaharrean Antonio Cossaren argazki erakusketa.
Material kopuru handia
Hotz Bergarako kideak oso pozik daude material bilketa kanpainak emandakoarekin. "Oso ondo joan da bilketa kanpaina", ziurtatu du taldeko kide Oihana Iñurrategik. "Gehienbat negurako materiala jaso dugu: arropa, kanpin dendak, lo zakua… Jendeak oso ondo erantzun du. Zenbait unetan gainezka ere egin dugu".
Materialaren zati bat bidalita dagoela adierazi du Iñurrategik. Lo zakuak, mantak eta kanpin dendak Madrilera bidali dituzte eta AAPS elkartea — Asociación de Apoyo al Pueblo Sirio— arduratu da errefuxiatuei bidaltzeaz. "Beste zazpi palet Lesbosera bidali ditugu beste elkarte baten bitartez, eta gelditzen zaigu sailkatuta daukagun gainerako materiala. Nora bidali aztertzen ari gara".
Material hori bidaltzeko diru bilketa kanpaina abiarazi dute Hotz Bergarakoek. Aurreko astean hitzaldia egin zuen Oihana Kortazar mendi lasterkari elgetarrak. Kanpaina horren barruan kokatzen da zapatuan Bergarako Kartzela Zaharrean egindako hitzaldia, kontzertua eta argazki erakusketa. "Dirua biltzeko itsulapikoak ipini ditugu inguruko hainbat dendatan eta tabernatan. Asmoa dugu baita ere zozketa bat egitea hainbat kirolariren materialarekin", azaldu du Iñurrategik.