Soraluce BKEk bigarren garaipena bilatuko du zapatuan Iraurgiren aurka

Aurtengo denboraldia ez da bereziki gozoa izaten ari Bergarako senior saskibaloi taldearentzat. Iaz lurraldeko lehen mailara igoera lortu zuten, eta maila berrian liga hasieratik hamabost partidu jarraian galdu dituzte. Baina aurreko jardunaldian, aratusteen aurretik, lortu zuten denboraldiko lehen garaipena, noren eta Beasain liderraren aurka. Zapatuan, berriz, bigarren dagoen Iraurgiren aurka jokatuko dute Labegaraietan.

Hamabost partiduren ostean eta honezkero bigarren itzulian zeudela erdietsi zuten Jon Beistegiren mutilek denboraldiko lehen garaipena. Ordura arteko emaitzak kontuan hartuta, inork gutxik esperoko zuen pasa den urtarrilaren hogeita hamarrean liderrari gailenduko zirenik, baina mahoneroak gehiago izan ziren, eta 68 eta 62 egin zuten Labegaraietan.

Luzaroan esperotako garaipena izan dela azaldu du Ekaitz Irazola jokalariak.Hain zuzen, Beasainen aurkako partidua baino astebete lehenago, bigarren zegoen taldearen aurka hiru punturengatik bakarrik galdu zuten. Taldea, beraz, hasia da hobekuntzak igartzen bigarren itzuli honetan.

Bergararren arteko bost jokalarik senior mailan lehen urtea dute aurtengoa, eta horretaz gain, taldeak aldaketak izan ditu aurreko denboralditik.

Zapatuan beste aurkari gogor baten aurka jokatuko dute Soraluce BKEkoek Iraurgi hartuko dute etxean. Horrekin, hamar partidu geratzen zaizkie jokatzeko bergararrei, eta maila mantentzeko horietatik zazpi irabazi beharko dituzte gutxienez. Zaila den arren, talde moduan lehiatzera aterako direla adierazi dute, eta jorretarako, zaleen laguntza behar dute.

Esan bezala, zapatuan, arratsaldeko zazpi t’erdietan, Bergara-Iraurgi Labegaraietako polikiroldegian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.