Arcelor-Mittal enpresak Bergaran duen lantegiko langileak adi daude Sestaon gertatu den egoerak sor diezaiekeen kalteari. Izan ere, lantegiaren egoera ez da duela urte batzuk zenaren besteko ona.
Xabier Garitanoren langileen batzarreko kidearen esanetan, faktore horietako batzuk dira: energiaren prezio altua, Txinak ekartzen duen produktuaren prezioa hemengo kostoena dela eta orain labe integralak erabiltzen dituztela, materiala, burnizko materiala, urtzeko. Horietako labe bat dute, esaterako, Asturiaseko lantegian, eta hara eraman dute Sestaoko altzairutegia.
Gaur egun altzairua laminatu egiten dute Bergaran. Altzairutegia 2009an itxi zuten eta ordutik hona egondako egokitzeak direla eta, Bergarako 28 langilek Zumarragako lantegian dihardute; Labegaraietan dagoen enpresan 176 langile daude egun. Lau erreleboetan dihardute lanean, baina egoera ez da onena
Hala ere, Garitanok ikusten du etorkizuna itxaropenez ikusteko arrazoi bat: izan ere egubakoitzean enpresako ordezkariek deitu zion komiteko kide bati konbenio berria negoziatu gura zuela esanez. Atzo egin zuten lehen bilera eta datorren martitzenean dute hurrengoa. Olaberrian ere zabalik dago negoziazio mahaia. Zumarragan eta Zaragozan, ordea, ez.
Enpresak bere aldetik, adierazi du altzairugintzak egoera zaila bizi duela Europa osoan, eta baita Bergarako lantegian ere. Alberto Carrero komunikazio arduradunak esandako moduan, kostoak eta zorrak gutxitzeko lan estrategikoa aztertzen ari da orain enpresa. Horixe da lantegi guztietan aplikatuko duten estrategia.