Egubakoitzetik aurrera 'Amama' filmari buruzko erakusketa izango da Aroztegin

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 10a, 15:02

Asier Altuna zine zuzendari bergararraren ‘Amama’ pelikula arrakastatsuaren inguruko erakusketa aurkeztu du Altunak berak gaur goizean. Egubakoitzean inauguratuko dute mostra Aroztegi aretoan, eta otsailaren 28ra bitartean izango da ikusgai.

Filma egin duen ekipoko kideek egindako lanak dira ikusgai daudenak; tartean, argazkiak, bideoak edota gidoiko sekuentziak. Bergara da erakusketa hau hartuko duen lehen herria.

Argazki gehienak Javier Agirrerenak dira, filmeko argazki zuzendariarenak. Bestalde, besteak beste, Kirmen Uriberen poema bat ere izango da ikusgai, poema horretan aipatzen den ohea alboan duela, baita hasiera batean Altunak filma iragartzeko erabili nahi zuen kartela ere.

Zuzendariak aipatu du berarentzat erakusketa bat prestatzen duen lehen aldia dela, eta lan polita iruditu zaio. Bergaratik pasa ostean, Baionan eta Iruñan ere jarri nahi dute erakusketa.

Munduan zehar

‘Amama’ filmari dagokionez, pasa berri diren Goya sarietarako Iraia Elias aktorea izendatuta egon da, nahiz eta azkenean ez zuen saria lortu. Orain, Altuna eta haren taldekideak filma aurkezten dihardute batetik bestera.

Horretaz gain, hil honen 15ean, datorren astelehenean, hain zuzen, filma DVD formatuan eskuragarri izango da, baita Interneteko Filmin plataforman ere.

Esan bezala, erakusketaren inaugurazioa egubakoitzean izango da, arratsaldeko zazpietan, Aroztegi aretoan. Bertan izango dira, Altuna zuzendaria bera, Kirmen Uribe idazlea eta erakusketan parte hartu duten beste hainbat pertsona.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak