Larrun mendiko bordak hartu zituen erreferentzia Isidro Monzonek bere eraikinetarako. Baita Larrungo harria erabiltzen ere, eta etxeak hara begira eraiki gainera. Familia bakarreko 30 etxe inguru egin zituen Iparraldean, eta bere estiloak arrakasta handia izan zuen bezero dirudunen artean. Landa giroko paisaia babesten ez zen garaian, eraikinak ingurunean txertatzen aitzindari izan zen Monzon.
Olaso Dorrea Fundazioaren bitartez antolatu dute bihartik martxoaren 13ra Laboratorium museoan –eguaztenetik domekara, 10:00-14:00; egubakoitzetan eta zapatuetan, 16:00-19:00–, ikusgai egongo den erakusketa. Aurrez Donibane Lohitzunen erakutsi zuten, eta museotik Olaso dorrera eramango dute, eta han egongo da ekainera arte. Etxeen argazkiak, marrazkiak eta planoak jasotzen ditu erakusketak. Monzonen lana aztertu duen arkitekto talde baten eskutik bisita gidatu bat eta hitzaldi bat ere egingo dituztela iragarri dute gaurko aurkezpenean.