Auzo txikietako festek duten xarma bereziaren adibide dira Bergarako Buruñao auzoko San Blas Txiki jaiak. Jende larregi ez, baina giro ona.
Domekan meza egiten dute auzoko ermita berezian. Buruñaoko ama birjina oso garrantzitsua dela diote, haurdun dagoen gutxienetako bat delako. Hala ere, atzokoan San Blas izan zen protagonista. Auzotar talde bat arduratzen da egun handirako ermita atontzeaz.
Gaztetxoen dantzak
Mezaren ondoren auzoko elkartearen bueltan batzen da festa giroa. Musika Eskolako soinujoleak eta Aranzadi-Moises Aspiazu taldeko haur dantzariek erakustaldi ederra egin zuten atzo ere. Bitartean, beste batzuk elkarte barruan hartzen dute salda eta txorizo muturra.
Haur dantzarien emanaldiaz gain, herri kirolak ere antolatu izan dira hainbat urtetan baina aurten ez da posible izan, diru faltagatik. Gaur egun Buruñao auzoko gazte talde batek antolatzen ditu jaiak.
Garai aldaketa
Lehen, ermitak erakartzen bazuen jende gehien, gaur egun osteko ekitaldiak dira herritarren gustukoak. Garaiak aldatzen ari dira.