Egitarau osoa aurkeztu dute Udaleko ordezkariek eta, bide batez, Aratusteak iragartzeko kartel lehiaketaren irabazle izan den Sara Martinez Alberdiri saria eman diote.
Torradak eta pellak egiten ikasteko ikastarotik Amaia Txintxurretaren DJ emanaldirainoko egitaraua osatu dute Kultura Sailekoek. Iaz izandako arrakastaren ostean, batukada herrikoiak ere lekua izango du otsailaren 9an.
Aurretik urteroko hitzorduak beteko dituzte kolorez herriko kaleak. Bergarako Udal Musika Bandak eta Orkestra Sinfonikoak The love boat ikuskizuna egingo dute otsailaren 5ean. Bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Amalur ikuskizunaren emanaldi bikoitza egingo dute otsailaren 6an. Sarrerak salgai daude betiko lekuetan.
Aspaldiko ohiturak berreskuratzeko asmoz, aurten ere, sorgin-dantzak lekua izango du otsailaren 4an. Musika eta dantza eskoletako kideek irudikatuko dute herriko kaleetan.
Aratusteetan mozorroak ezin dira falta, eta horiek erakusteko mozorro desfilea eta mozorro bazkaria egingo dituzte. Era berean, herritarrak mozorrotzera gonbidatu dituzte.
Astebeteko egitaraua osatu du Bergarako Udalak eta, horretarako, herriko hainbat eragileren parte hartzea izan dute. Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela esan du Bergarako alkateak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean.
Eta Aratusteetako egitarauaren aurkezpena aprobetxatu dute kartel lehiaketa irabazi duen Sara Martinez Alberdi zoriontzeko. Bergararrak bonotan gastatzeko 350 euroko saria irabazi du.
Lehiaketara hiru lan aurkeztu dira.