Espoloiko jolas parkeak estalkia izango du

Julen Iriondo 2016ko urt. 26a, 14:51

Bergarako Udalak estalkia jarriko dio Espoloiko jolas parkeari, eta, bide batez, kioskoan eta urbanizazioan hainbat lan egingo ditu. Hori da atzoko osoko bilkuran EH Bilduk egindako galdera baten ondotik ezagutzera eman zen asmoetako bat. Gipuzkoako errefusa jasoko lukeen zabortegia Epelen kokatzeko aukeraz ere galdetu zuen EH Bilduk, eta gai horri eskaini zion udalbatzak osoko bilkurako tarte handiena. Gai-zerrendako puntuak adostasunez onartu zituzten.

Atzoko osoko bilkurako gai-zerrendan zetorren, adibidez, Ernai kalean etxebizitzak egingo dituen Urartetxe enpresarekin bere garaian egindako hitzarmena aldatzea onartzea. Aldaketak inguruko bizilagunen zenbait kezkatan du jatorria, eta hitzarmen berrituarekin bizilagunen kezkei erantzun zaiela azaldu zuen alkateak. Bestetik, aldaketarekin, han egitekoak diren eguneko zentroak azalera apur bat galduko duen arren, trukean Udalak Urartetxeren partetik beste lokal bat jasoko duela jakinarazi zuen Elena Letek.

Hirigintza kontuekin jarraituz, eta EH Bilduk galde-erreguen tartean egindako galdera bati erantzunez, Espoloiko jolas parkea estaltzeko asmoaren berri ere eman zuen alkateak. Kontua da aurreko agintaldiko Gobernuak Fraiskozuri plazan estalitako jolas-parkea egiteko prozedura jarri zuela martxan. Letek azaldu zuen, baina, Gobernu berriak asmo horren gaineko zenbait kezka jaso zituela bizilagunen partetik, eta erabaki dutela hura bertan behera utzi eta esleitutako kopuru beragatik Espoloiko proiektua abiarazteko agintzea Fraiskozurikoaren ardura zuen enpresa berari. Kioskoan eta urbanizazioan hainbat lan ere egingo dituzte, gainera.

Azkenik, Gipuzkoako errefusa jasoko lukeen zabortegia Epelen kokatzeko aukeraz ere galdetu zuen EH Bilduk. Mankomunitatean hondakinen ingurukoen ardura duen Lander Arregiri aukera horren gaineko informazioa eskatu zion Agurne Barrusok, eta aukera horren gainean beste alderdiek ze iritzi duten ere galdetu zuen, argi utziz eurak kontra daudela, gaikako bilketa tasa onena duen eskualdea zigortuko litzatekeelako zabortegia Bergarako lurretan jarrita. Arregik eta alkateak azaldu zuten asmo horren jakinarazpen ofizialik ez dutela jaso, eta Urola Erdiko Mankomunitateak iragarritakoa gauzatzen ote duen itxoin behar dela lehenengo. Mankomunitate hark esana du otsailaren 3tik aurrera ez duela Gipuzkoako errefus gehiago jasoko, baina GHK-k epe hori luzatzeko eskatu dio Lapatx kudeatzen duen mankomunitateari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak