EAJren eta PSE-EEren botoekin bilakatu zen Elena Lete Bergarako alkate. EH Bildu abstenitu egin zen bozketan, eta Irabaziko Aiert Lizarralde bera aurkeztu zen hautagai.
Karguari zin egon osteko hitzetan, zeregin berrirako ilusioa eta indarra dituela aipatu zuen Letek, eta ohoreaz gain erantzukizuna dela esan zuen. Debagoieneko EAJko beste zenbait alkaterekin batera publikoaren artean zen Juanje Alberdiri eskerrak eman zizkion.
Alkate batek berak bakarrik ezer ezin duela egin-eta, elkarlanaren aldarria egin zuen Letek, elkarlana udal langileekin, Gobernuko kideen artean eta baita oposizioarekin ere. Esandako hori beteko den desioa agertu zuten oposiziotik.
Elena Letek alkate karguarekin batera, Igor Oiarbidek zinegotzi postua ere hartu zuen atzoko osoko bilkuran, Juanje Alberdik udalbatzan utzitako lekua betez. Sabino Azkaratek zituen bi batzordeetako bat, Kirolak hartuko du Oiarbidek. Juanje Alberdik zituen ardurak, berriz, alkate berriak hartuko ditu, Hirigintzarekin jarraitzearekin batera.
Agur jaunak abestuz amaitu zuten ezohiko osoko bilkura.