Espainiako Gorteetarako Hausteskundeak 2015

"Herri honen estrategia euskal erakundeetan" erabakitzen dela esan dute jeltzaleek

Mirari Altube Arrese 2015ko abe. 16a, 15:30

Bergaran elkartu ziren, atzo iluntzean, EAJko ordezkariak. Senaturako hautagai den Maria Eugenia Iparragirrek eta kongresurako Joseba Agirretxeak lagun izan zuten Gipuzku Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar. Horrek azpimarratu zuen Euskal Herriaren "estrategia euskal erakundeetan erabakitzen" dela. 

Jaurlaritzako sailburu Arantxa Tapia eta Cristina Uriarte, legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Aldundiko diputatu Maite Peña, Debagoieneko hainbat alkate eta beste jeltzale asko inguruan zituztela agertu ziren atzo, Bergarako San Martin plazan, EAJren senaturako eta kongresurako hautagaiak.

Ezker abertzalea izan zuen berbeta-gai Joseba Agirretxeak, eta "ukazioaren munduan murgilduta" bizi izan direla esan zuen: "Independentzia aldarrikatu eta burua zuloan sartu; horixe da egin duten bakarra".

Helmugaz berba egiten dutela leporatu zien, baina bien bitartean "ez dutela ez egitasmorik, ez proiekturik, ezta proposamenik ere". EAJk, ostera, konpromisoak hartzen dituela argitu zuen eta hainbat aipatu zituen: "Autogobernuan aurrera egitea eta estatuarekiko harreman estatus politiko berri bat adostea izango da gure lehen konpromisoa". Horrekin batera, euskal ekonomia ituna eta Nafarroako ekonomia hitzarmenak defendatuko dituztela argitu zuen, "geureak direlako", eta suspertze ekonomikoaren alde egingo dutela azpimarratu zuen: "Geure eredu produktibo eta ekonomikoa erakutsiko dugu". 

Bestalde, Debagoiena eskualde eredugarritzat jo zuen Gipuzkoarako, "arazoei buelta ematen" jakin duelako.

Erabakiak Euskal Herrian hartu

Ekitaldiko izarra, baina, Joseba Egibar izan zen, eta hasieratik utzi gura izan zuen argi erabakiak Euskal Herrian hartzen direla: "Madrilen erabaki asko hartu arren herri honen etorkizuna herri honetan erabakitzen da eta erabakiko da".

"Herri estrategia definitzean" dagoela gakoa adierazi zuen, eta Madrilera doazenek zer defendatu behar duten argitu: "Euskal erakundeak, horiek sortutako tresnak, kontzertu ekonomikoa, euskal erabakiak… Azkenean da herri estrategia bat definitzea".

Senaturako hautagai Iparragirrek, bestalde, Madrilen talde sendoa izatearen garrantzia azpimarratu zuen eta abenduaren 20an jeltzaleak babesteko eskatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak