Iker Belintxon eta Maider Aginaga nagusitu dira bikote gazteen Euskal Herriko dantza txapelketan

Maite Txintxurreta 2015ko abe. 13a, 17:37

Lezoko bikotea izan da onena gaur eguerdian Bergarako Udal Pilotalekuan egindako txapelketan. Bergarako Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bosgarren postuan sailkatu dira.

Belintxon eta Aginagaren ondotik, Gorka Kerejeta eta Ania Irigoien azpeitiarrak izan ziren azpitxapeldunak; hirugarren postua, berriz, Nagore eta Julen Berrrondo errezildarrek eskuratu dute. Hogeita hemezortzigarren edizioa izan du aurtengo Bikote Gazteen Euskal Herriko txapelketak, eta Bergarako Musika eta Dantza eskolak antolatu du.

16 urtetik beherako neska-mutilek osatutako 17 bikote aritu dira guztira taula gainean. Ordu eta erdi inguru iraun duen ekitaldian, bikote bakoitzak bina dantza egin du, fandangoa eta arin-arina, hain zuzen. Guztiak pasatu ostean, Bergarako Musika eta Dantza eskolako dantzari, txistulari eta trikitilariek talde dantza bat egin dute erakustaldi modura. Horren ostean, txapeldunek, Iker Belintxon eta Maider Aginagak, azken dantza bat eskaini diete ikusleei. Bukatzeko, sari banaketa egin dute.

Irabazleek nabarmendu dute gaurko saioa "nahiko zaila" izan dela, "maila handia dagoelako". Gaineratu dute parte hartzaileen maila on horren ondorioz "urduritasun handia" izan dutela saio osoan zehar; hala ere, txapela lortuta pozik itzuli dira Lezora.

Bikote bergararra

Murgiondok eta Galarragak, bosgarren sariari zegokion garaikurraz eta 130 euroez gain, Bergarako bikote onenaren saria ere eskuratu dute. Gaurkoan parte hartu duen herriko bikote bakarra izan da, eta txalo zaparrada jaso dute harmailetan zegoen jendearengandik.

Murgiondok azaldu duenez,  fandangoa "ondo" egin dute, eta arin-arina dantzatzen "akats batzuk" egin arren, garaikurra eskuratu ahal izan dute, eta "egindakoarekin gustura" azaldu dira. Herrian dantza egitearen berezitasunagatik galdetuta, Galarragak azaldu du publikoan lagunak ikusteak "animatu" egin dituela.

murgiondo galarraga

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak