Bergarako elikagai bankuan jada klasifikatu dute bilketa berezian jasotakoaren erdia baino gehiago, Jose Antonio Agirrebeña boluntarioak azaldu duenez. Hala, guztia sailkatu eta produktuen inbentarioa egin ostean, prest egongo dira urtean zehar elikagai horiek banatzen joateko.
Jasotako guztia ez dago oraindik zehazki zenbatuta, baina iazkoa baino gehiago izatea aurreikusten dute. Hemendik hilabete ingurura jakingo dute zehazki zenbat kilo jaso diren.
Aurtengo bilketak, gainera, berritasun bat izan du. Elikagaiak jasotzeaz gain, bonuak ere eskaini dituzte, jendeak diruz lagundu ahal izateko. Bonuen bidez jasotako dirua elikagai bankuak berak erabiliko du gehien behar diren produktuak erosteko. Agirrebeñak azaldu du jendeari gustatu zaiola ideia, eta pertsona nagusientzat bereziki erosoa dela.
Gaur gaurkoz, Bergarako Elikagai Bankuak lau mila laguni ematen die jaten. Orain, gabon garaia gertu dela, betiko banaketarekin jarraituko dute, baina sasoi horretako produktuak ere banatuko dituzte. Esaterako, turroi dezente jaso dute oraingo bilketan; hala, ohiko banaketaz gain, horrelakoak ere gehituko dituzte.
Boluntariotza saria
Gipuzkoako elikagaien bankuak berriki 2015eko boluntariotza saria jaso du. Aitortza hori lanean jarraitzeko bultzada dela dio Agirebeñak. Bertan dabiltzan boluntario denei eskerrak eman dizkie.