Kulturak Euskal Herria munduan zabaldu eta ezagutarazteko duen gaitasunaz aritu ziren mintzaideak. Kultura komunitate batek partekatzen dituen balio, identitate, kontakizun eta printzipioen multzo gisa ulertu behar dela azpimarratu zuten. Horren harira, Azkaratek euskal kulturaren eboluziorako gaitasuna goraipatu zuen, hainbat adibide jarriaz; besteak beste, Bertsozale elkartea, Oreka TX edota Kalakan eta Ez dok amairu musika taldeak.
Azkarateren interbentzioaren ostean Iñaki Gomezek hartu zuen hitza. Loreak bezalako euskaraz egindako pelikula bat Oscarretarako lehian egotea lorpen handia dela nabarmendu zuen hark. Ondoren, filmaren trailerra erakutsi zien bertaratutakoei, baita hainbat bitxikeria ere.
Horren ostean, Antonio Herzogen txanda iritsi zen. Bergarako inklusio tailerraren arduraduna da Herzog, eta beste hainbat gizarte ekimenetan ere hartzen du parte. Hark ere bere esperientzia eta ikuspuntua azaldu zuen, eta ostean galderen txanda heldu zen. Hala, aretoan bildutako herritarrek ere haien iritzi eta ekarpenak elkarbanatu zituzten.