Pasa den asteko egubakoitzean eta zapatuan, herri galdeketarako botoa aurretiaz emateko aukera zabaldu zuten, eta 419 bizilagunek botatu zuten.
Botatzeko aukera izango dute 1997ko azaroaren 29an edo lehenago jaiotako herritarrek edo Bergaran 2015eko urriaren 1ean edo lehenagotik erroldatuta daudenak. Nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimen originala aurkeztu beharko da.
Ordutegia eta lekuak
Domekan 09:00etan zabalduko dituzte botatzeko lekuen ateak, eta 20:00ak arte izango da bertan botoa emateko aukera.
Lekuei dagokienez, hamar mahai izango dira, guztira, herrian, bost tokitan banatuta: frontoian lau, Matxiategin bi, Martokoan bi eta bana Osintxun eta Labegaraietako Ibarra kalean.
Botoa emateko guneak ohiko hauteskunde politikoetarako erabiltzen diren berak izango dira: Matxiategikoa Boni Laskurain pasealekuko 15. zenbakian dagoen San Martin Herri Eskolaren eraikinean egongo da; Osintxukoa, Osintxu kaleko 14.ean; Martokoa, Martokoa kaleko 22.ean; eta Labegaraietakoa, berriz, Ibarra kaleko 8. zenbakian.
Mahai bakoitzean hiru pertsona izango dira, mahaiko presidentea eta bi bokal. Guztira, beraz, hogeita hamar pertsona arituko dira mahaietan lanean; batzuk udal langileak eta beste batzuk, berriz, herritarrak.
Galdera eta bi aukerak
Herri galdeketan honako galdera hau planteatuko dute: Bergarako udalerrian, zein kontsideratzen duzu hondakinak gaika biltzeko erarik egokiena?
Aukerak, berriz, bi: bata, boto-txartel laranjaduna, Atez atekoa, eta beherago, hizki txikiagoz, Gaikako bilketa atez ateko sistemarekin egitea. Beste aukera boto-txartel zurian idatzita dago, eta honako hau dio: 5. edukiontzia, eta txikiz, Gaikako bilketa edukiontzien bidez egitea.
Lehen aukerak irabazten badu, gaur egungo bilketa sistemarekin jarraituko dute bergararrek: errefusa eta organikoa atez ateko sistemaren bidez jasoko dute, eta gainontzeko hondakinak –papera eta kartoia, ontzi arinak eta beira–, berriz, edukiontzien bidez. Eta bigarren aukera gailentzen bada, hiri hondakin guztiak edukiontzien bidez batuko dira. Hala, bost edukiontzi egongo dira, eta errefusarena eta organikoarena txartelarekin zabaldu beharko dira.