Merezitako ospakizuna

Pozik egindakoarekin eta indartsu egiteko dagoenarekin. Izan ere, euskarak oraindik behar du dinamizazioa eta lana… baina batez ere, erabilera eta erabilera egokia.

Paella lehiaketan ere parte hartu dute Jarduneko eta Topaguneko lehendakariek, Peio Andrinuak (ezkerretik lehena) eta Elena Lakak (eskumatik bigarrena).

Horixe da Jardun Euskara Elkartearen 25. urteurrenaren ospakizunaren bueltan plazaratutako mezua. Hori, baina, ondo merezitako eta hobeto borobildutako jai-giroan transmititu da Bergaran.

Esanek erakusten dute ondoen Jardun Euskara Elkartearen 25. urteurrenak utzitakoa. Hona hemen horietako batzuek:

Nerea Mendizabal, Jardun Euskara Elkarteko ordezkaria:

"Gaur ospatzeko hartu dugu eguna, 25 urte daramatzate elkarteak eta herritarrek lanean eta noizean behin egun bat hartu behar da ospatzeko egin duguna eta hemendik aurrera ere egingo duguna (…) gazteak ere hemen ditugu eta pentsatzen dugu aurrera egiteko jendea badagoela".

Edurne Arenatza, Jardun Euskara Elkarteko hasierako dinamizatzailea:

"Uste dut dinamizatzeko premia baduela. Gauza berriak landu eta zaharrak mantendu. Berriak lirateke, adibidez, kanpotarrei euskara erakustea, eta zaharra umeekin euskara sakontzea".

Estepan Plazaola, Jardun Euskara Elkarteko sortzaileetako bat:

"Gaur ospatzeko eguna da, eta uste dut bereziki ospatzekoa dela urte hauetan horrenbeste jende lanean murgildu izana, horrenbeste boluntario, profesional eta horrenbeste proiektu bideratu izana hainbat arlotan: Komunikabideetan, kulturan, aisialdian… Euskarak erakundeen babesa behar du baina, batez ere, herritarren atxikimendua eta bultzada behar du eta Jardunek eta euskara elkarteek hori dakarte. Eta hori barik euskararen geroa oso zaila izango litzateke".

Elena Laka, Topaguneako presidentea: 

"Herritarrok saretu egiten gara eta komunitate eta gizarte batean bizi gara, gure kideekin elkartzeko joera dugu, eta gauzak egiteko joera. Eta hori dira herriarendako euskara elkarteak: euskaltzaleak, euskaldunak elkartzeko, aktibatzeko, gauzak egiteko, eta horren ondorioz gizartean eragiteko modu bat. Eta sekulako poztasuna da jendea ikustea elkarrekin gauzak egiten, aktibatuta, gogoarekin gauzak egiteko eta euskaltzaletasun hori aurrera eraman ahal izateko"

Juanje Alberdi, Bergarako alkatea:

"Garbi dago herrigintzak beti beharko duela sostengu bat instituzioen aldetik, baliabideak lortu ahal izateko eta denon artean gauzak ahal den hoberen egin ahal izateko, eta ez inprobisaziotan ibiltzeko. Gu oso inplikatuta gaude euskara gaiekin eta leloak esaten duen moduan euskarak batzen gaitu. Udala herrigintza horretan, beti babesten egon da, egongo da, eta aurrera euskararekin"

Izaskun Labaien, zinegotzia: 

"Jardun sortu zeneko lehen bilera UNEDeko aretoan izan zela gogoan dut eta bertan egin ginen bazkide; garai hartatik naiz ni bazkide, eta badakit jendea dabilela ilusio handiarekin eta oso pozik, eta pentsatzen dut badatorrela jende gaztea bertan jarraitzeko eta lanean jarraitzeko prest".

Saleh Salek, Debagoieneko saharar elkartearen ordezkaria:

"Kulturak ez du mugarik. Bakoitzak berea dauka eta gurea eta zuena ez dira berak, baina antz handia dute (…) Gainontzeko kulturak ere gustuko ditugu, ez bakarrik gurea. Beste kulturen berri izatea garrantzitsua da, dituen alde onak eta txarrak. Onak hartuko ditugu eta kito". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.