Zabalotegi aretoan batutako jendearen aurrean, ekitaldia aurkeztu duen Maite Aristegik zenbait galdera planteatu dizkie auziperatuei, eta batzutan atzera –atxiloketa eta espetxe garaiak gogora ekarriz– eta beste batzutan aurrera –epaiketa eta "independentzia eta sozialismoa" lortzeko gakoak ahotan– begira erantzun behar izan dute haiek.
Saxofoi doinuak eta Aittor Arantzabalek berak, espetxean zegoela, idatzitako Michele Angiolilloren gaineko liburuko pasarte baten irakurketa ere izan ditu ekitaldiak, eta Libre ekimenaren argazkiz osatutako bideoa ere eman dute.
Ekitaldiaren amaiera aldera, berriz, auziperatuen senideak igo dira agertokira, eta Libre ekimeneko ordezkariak idatzia irakurri du. Bertan iragarri du abenduaren 12an ekitaldi jendetsua egin nahi dutela Udal Pilotalekuan, eta orduan ere egingo duten argazkiaren aurrerapen moduko bat egin dute eserlekuz eserleku banatutako kartulinekin.