Gaurko, azaroak 10, Oroimenaren Eguna deitua du Jaurlaritzak, eta horren bueltan adierazpen instituzionala onartu zuen Bergarako Udalbatzak atzo ezohiko osoko bilkuran aho batez.
Adierazpen horrek dio giza-eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei zor zaiela egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea. Testuan nabarmentzen dutenez, giza duintasuna eta pertsonaren giza eskubideak beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoiaren gainetik daude. Hala, elkarrenganako errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatzeko konpromisoa hartu du Udalbatzak.
Juanje Alberdi alkateak nabarmendu zuen osoko bilkuran garrantzitsua dela konpromiso hori “denon artean” betetzea. EH Bilduko Agurne Barrusok, bere aldetik, adierazi zuen Oroimenaren gaiak lanketa sakon eta sentsiblea eskatzen duela.
Agorrosin
Bestalde, aurreko astean, ohiko osoko bilkuran onartutako kirol zerbitzuen gaineko tarifetan egin beharreko zenbait zuzenketek Agorrosineko prezioen igoeraren eztabaida ekarri zuten berriz plenora. Zuzenketa horiek EAJ eta PSEk osatutako Udal Gobernuaren aldeko botuekin onartu ziren. EH Bilduk eta Irabazik kontra bozkatu zuten.
EAJk eta EH Bilduk Agorrosingo defizitarekiko ikuspegi desberdinak dituzte. Alkateak proposatu zuen kostua haien gain hartu dezaketen herritarrek gehiago ordaindu beharko luketela; EH Bilduk, aldiz, defizit hori Udalak bere gain hartu beharko lukeela uste du.
Hondakinen gaineko kontsulta
Azaroaren 29an egingo den hondakinen gaineko herri kontsulta izan zen atzoko bilkurako beste gai nagusia. Kontsulta horretarako prozeduran egin beharreko bi zuzenketa onartu zituzten, eta horiek aurrera atera ziren Udal Gobernuaren aldeko eta EH Bildu eta Irabaziren aurkako botuekin.
EH Bildutik adierazi zuten aurkako botoa eman zutela urriaren 26ko osoko bilkuran galdeketarako prozedurari ezezko botoa ematera eraman zituzten arrazoiek bere horretan jarraitzen zutelako
Horrekin batera, hilaren 29ko kontsultan erabiliko diren papeletak onartu zituzten. Hala, bi papeleta izango dira: Bosgarren edukiontziaren aldekoa kolore txuriduna izango da, eta atez atekoaren aldekoa, berriz, laranja.