Truke azoka honetarako hiru liburu kategoria zehaztu dituzte: umeen liburuak, gazteenak eta helduenak. Hala, kategoria bakoitzak kolore desberdineko txartela izango du. Jardun elkarteko Maitane Arizabaletak egitasmoaren funtzionamendua azaldu du.
Astean zehar, goizez, bederatzietatik ordubatera bitartean izango da zabalik bulegoa, eta arratsaldez, berriz, hiruretatik zazpirak arte, egubakoitzetan izan ezik; egun horretan arratsaldeko seietan ixten dute. Bertara eramandako liburuek baldintza minimo batzuk bete behar dituzte.
Truke azoka azaroaren 20an egingo da, egubakoitza, arratsaldeko seiretatik zortziretara bitartean, Jardunek San Martin plazan jarriko duen postuan. Bertan, aurrez eskuratutako txartela sailkapen bereko, hau da, ume, gazte edo helduena, norberak hautatutako liburu bategatik trukatu ahal izango da.
Ekimenaren seigarren edizioa da aurtengoa. Helburu nagusia euskarazko irakurketa eta liburuen berrerabilpena sustatzea da, Arizabaletak azaldu duenez. Hark esan duenez, aurreko edizioetan erantzun ona izan du ekimenak, eta oso pozik daude euskara elkartean. Hala, aurrerantzean ere liburuen truke azoka antolatzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu du.