Zapatu arratsaldean jokatuko da Soraluze eta Bergara arteko Antxintxika lasterketaren 11. edizioa. 10 kilometro izango dira ohi bezala, ibilbidean, Bergarako herrigunean, aldaketatxoren batzuekin. Dagoeneko 300 lagun baino gehiagok eman dute izena.
Korrrikakoa bakarrik ez, patinatzaileena eta lasterketa egokitua ere izango dira. Azken hau izango da aurrenekoa, 16:30ean, patinatzaileena ordulaurden geroago eta 17:00etan korrikakoa. Aurretik, baina, neska-mutikoak ibiliko dira, 15:00etatik aurrera.
Izena emateko
Izena aurrez eman behar da, ostiral arratsalderako, kirolprobak.com helbidean. Dorsalak jasotzeko, zapatu goizean Bergarako plazan eta 14:30etik aurrera irteeran. 15:30ean eta 16:00etan autobusak aterako dira Bergaratik Soraluzera parte-hartzaileak eramateko.
Sariak eta zozketak
Kuadrilla onenentzat ere egongo dira sariak, eta baita zozketa ere. Inskripzio bakoitzeko euro bat gaixotasun arraroak dituztenak laguntzeko izango da.