Stoltz-Frères organuaren aldeko egutegi berria aurkeztu dute

Maite Txintxurreta 2015ko urr. 27a, 12:55

Azaroaren 29an hasita eta 2016ko uztailera bitartean, izen handiko organujole, musikari eta abeslariak etorriko dira Bergarara kontzertuak eskaintzera, San Pedro parrokiako organuaren konponketarako dirua biltzeko asmoz. Bestalde, Bergarako Stoltz-Frères organuaren Lagunak elkartetik diru-dohaintzak egin nahi dituenarentzat bankuko kontu berri bat zabaldu dute, eta hemendik aurrera dohaintza egiten dutenek zerga-arintze bat lortuko dute PFEZ-aren aitorpenean.

Azaroaren 29an izango da Stoltz-Frères organoaren aldeko 2015-2016 egutegiko lehen emanaldia, Aitor Olearen eskutik. Olea San Pedro parrokiako organoaren jotzaile titularra da, baita haren aldeko elkartearen lehendakaria ere. Ordutik eta datorren urteko uztailera bitartean 15 kontzertu izango dira guztira. Denak Santa Marina elizan ospatuko dira, arratsaldeko 19:00etan. Sarreraren prezioa 5 eurotakoa izango da, eta lortutako dirua Stoltz-Frères organoaren konponketara bideratuko dute.

Elkarteko lehendakari Aitor Oleak adierazi duenez, taldean "oso pozik" daude pasa den kurtsoko emanaldiek izan duten erantzunarekin. Hori dela eta, oraingoan apustu handiagoa egitea erabaki dute, kontzertu gehiago antolatuz eta herriko taldeez gain, izen handiko bestelako musikari eta abeslariak ere gonbidatuz. Guztiek musutruk eskainiko dituzte kontzertuak, Oleak azaldu duenez.

Kontu zenbaki berria

Pasa den kurtsoko diru sarrerei dagokienez, guztira hamabi mila eta zortzirehun euroko sarrerak izan zituen elkarteak. Hala, diruaren erdia baino gehiago kontzertuetatik lortu zuten. Gastuak berriz, ia lau mila eurotakoak izan dira, mantenurako gehienbat.

Oraingoan, baina, kontzertuez gain, herritarrak diruzko dohaintzak egitera ere animatu nahi dituzte Organoaren Lagunak Elkartetik. Horretarako, bankuko kontu zenbaki berri bat jarri dute martxan: KUTXA ES90 2095 5070 7091 1532 9753. Bertara egindako ekarpenek zerga-arintze bat lortuko dute PFEZaren aitorpenean.

Konponketa zazpi fasetan

Bergarako Stoltz-Frères organoaren Lagunak elkarteko presidente Aitor Oleak azaldu duenez, organoaren konponketa eta berritze osoak 430.000 euro baino gehiagoko kostua izango luke. Epe ertainean diru kopuru hori guztia lortzea "ametsa" dela azaldu du; horregatik, konponketa zazpi fasetan egitea erabaki dute. Hala, lehen faseari ekiteko 100.000 euro lortu beharko dituzte.

Kontzertuen egutegi osoa

 2015-11-29: Aitor Olea Juaristi

2016-01-17: Josean Pascual

2016-01-24: Mariatxen Urkia eta Jose Luis Frantzesena

2016-01-31: Esther Iñiguez

2016-02-14: Oscar Candendo Zabala

2016-02-21: Pedro Guallar Otazua

2016-03-13: Loreto Aramendi

2016-04-17: Alize Mendizabal

2016-04- (eguna zehazteke): Bergarako Orfeoia

2016-05-01 Marije Ugalde eta Gerardo Rifón

2016-05- (eguna zehazteke): Esteban Landart

2016-05- (eguna zehazteke): Bergarako eta Azpeitiko organo ikasleak

2016-06-19 Loreto Fdez. Imaz

2016-07-17: Bergarako Koru Parrokiala

2016-07-(eguna zehazteke): Benantzi Bilbao

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak