Gobernu berriak aurreko legealditik zetozen hainbat proiektu dagoeneko bukatu dituztela nabarmendu du EAJko Juanje Alberdi alkateak: Laboratorium museoa eta Agorrosingo padel kantxa, esaterako. UNEDen egoitza Arrizuriaga jauregira aldatzearena ere, urte hasierarako martxan jarri nahi dute.
Proiektu berriak
2016ko aurrekontuak urte bukaerarako prest izatea espero dute. Bertan, hainbat proiektu berritarako partidak ezarriko dituzte: esaterako, Espoloiko kioskoa berritzea edota Larramendiko poligonoan industria jarduera bultzatzea. Horretarako, datorren astetik aurrera hasiko dira SPRIrekin hitz egiten. Nabeak ahalik eta merkeen alokairuan jartzea proposatu du.
Barne antolamendu mailan ere berrikuntzak ezarriko dituztela azaldu du alkateak, eta internet bidezko administrazioa edota herritarren leihatila ezarriko dituzte. Partaidetza prozesua ere aurki zabalduko dutela aurreratu du Alberdik, beste alderdiekin zein herritarrekin.