Juanjo Alvarez hizlariak azaldu du euskal zuzenbidearen ohitura juridikoek eta sozialek zein jatorri daukaten, zein lege berri dauden sistema juridiko-familiarrean gaur egun eta erabakitzeko eskubideari buruz ere jardun da, besteak beste.
Datorren astelehenean bigarren hitzaldi bat eskainiko du; Familia eta Europa izenekoa. Europan 28 estatu daude egun, bakoitzean eredu familiar bat dago, eta hain justu ere, azalduko du euskal sistema juridikoa non kokatzen den horren barruan.
Eusko Ikaskuntza saria jaso berritan
Juanjo Alvarez aurtengo Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso berritan izan da gainera Bergaran. Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzietan nabarmentzen diren euskal herritarrak saritzen ditu Eusko Ikaskuntzak urtero eta aurten zumaiarrak jaso du aitormen saria. Epaimahaikideek nabarmendu zuten Euskal Herrian zein atzerrian duen proiekzioa eta bere lanen ikuspegi kritiko eta berritzailea.
Saria jasotzerakoan Euskal Herriko unibertsitate guztiak batu eta on line bidezko euskal unibertsitate birtual bat osatzea proposatu zuen Alvarezek. Adierazi du ez dakiela hori egitea posible izango den edo ez, baina produktu berezi eta propio bat sortzea oso aberasgarria izango litzatekeela gaineratu du.