Jende ugari kanpoan geratzeraino bete zen Bergarako frontoia zapatuan, Udazken-neguko Moda eta Diseinu Berrien Desfilean. Bergarako merkatariek, 34k denera, sasoi berrirako joera eta nobedadeak erakutsi zituzten, jantzi, osagarri eta orrazkeretan, besteak beste. Eta haiek eramaten, egun baterako modelo bihurtutako 116 lagun, ikusleen txalo bero artean.
Desfileak bigarren aldia izan du aurtengoa, eta aurtengoaren nobedade izan da diseinu berrien lehiaketa. Herriko hiru diseinatzailek aurkeztu zituzten euren arropak, azken asteetan Anezka akademian landutakoak: Itziar Martinezek, eskoziar inspirazioko gizonezko jantziarekin, jaso zuen 200 euroko saria.
Argazki lehiaketa eta telebista emankizuna
Desfilearen gaineko argazki lehiaketa ere antolatu dute aurten; #BergaraBizi traolarekin argazkiak Twitterrera edo Instagramera igotzeko eguaztena arteko epea dago, eta hilaren 26a artekoa egongo da gero Goiena.eus atariko Bergara Bizi blogean argazkirik gustukoena aukeratzeko. 50 euroko saria izango du irabazleak. Bergarako desfilea eguaztenean emango du osorik Goiena telebistak, 22:00etan.