Jaki postuak eta animaliak ikusi ondoren, mokadutxo bat egiteko aprobetxatu dute bertaratu direnek. Pintxo guztiak saldu dira gainera, eta hauek jateko eliza barruan jarri dituzten mahaiak bete-beteta izan dira goiz osoan zehar.
Trikiti, pandero, eta bertso doinu artean; zaldiak, behiak, ardiak, astoak… ikusteko aukera izan da, baina beste urte batzuekin konparatuz jende gutxiago izan dela aipatu du urtero, Elosuko feriara behiak ekartzen dituen Pello Legorburu ganaduzale antzuolarrak: "Hasi zenetik ez dauka zer ikusirik gaurko feriak. Erakusketa moduan jarrita dago, eta postuek, ganaduak baino garrantzia gehiago hartu dute".
Bestalde, Axen Garitano bergararra lehen aldiz izan da Elosuko ferian, eta Irish cob arrazako zaldiak eraman ditu. Tamaina handiagatik atentzioa deitzen zuten zaldiek, eta asko hurbildu dira gertutik ikusi eta beraiekin argazkiak ateratzeko gogoz.
Arratsaldean, berriz, idi demak eta erromeria izango dira, eta hala amaituko da aurtengo Elosuko feria.