Eguraldia lagun, oso gustura izan dira gaztetxoak hegaztien mundua ezagutzen. Bi taldetan banatu dituzte haurrak; batetik, txikienak, eta bestetik, nagusiagoak zirenak. Ilusioz hartu dituzte prismatiko eta teleskopioak, eta alde batetik, bestera ibili dira hegaztiak topatzen.
Tailerra eman duten Oñatiko Natur eskolakoen azalpenak entzuten, gustura izan dira guraso zein haurrak, baina askoz hobeto ibili dira kabi-kutxak egiten edo prismatiko eta teleskopioekin alde guztietara begiratzen.
Kabi-kutxak egitean kontuz ibili dira haurrak hiltzeak sartzerakoan, mailuarekin eskua ez jotzeko, eta batzuk gurasoen laguntza izan arren, denek eroan dute kabi-kutxa bat etxera.
Antolatzaileak pozik
Jon Betanzos Oñati Natur Eskolako kidea tailerra gidatzen izan da eta balorazio positiboa egin du. "Umeek erantzun ona izan dute ekintzarekiko, eta gainera eguraldia lagun izanda, balorazio oso positiboa egiten dugu".