Herriko denden elkarteak, Bedelkarrek, haren Bergaran Bizi egitasmoaren baitan bigarrenez antolatu du ekimena Udalaren laguntzaz. Herriko komertzioen produktuak kalera atera eta Bergararrei horietan erostera animatzea du helburu desfileak.
Urriaren 17a heltzean dena ahalik eta ondoen irten dadin, entsegu orokorra egin zuten atzo Zabalotegi aretoan, Anezka dendako Ana Parraren argibideen laguntzaz.
Aurten, arratsaldean beharrean gaueko hamarretan egingo da desfilea, San Martin plazan. Modelo batzuentzat aurtengoa izango da ibiltoki batera igotzen diren lehen aldia, eta apur bat urduri daudela adierazi dute; beste batzuek, aldiz, iaz ere probatu zuten esperientzia.
Komertzioendako erakusleihoa
Ileapaindegiak eta arropa, lentzeria eta oinetako dendak. Guztira, hogeita hamabost komertzio eta ehun eta hogei modelo inguruk hartuko dute parte urriaren 17ko ekitaldian.
Bedelkarreko kide den Zubikua dendako Kristina Agirrerek adierazi du ekimenak "Bergaran denetik dagoela eta kanpora joan barik herrian erosi daitekeela erakusteko" balio duela.
Edizio honetako beste nobedadea, herriko hiru diseinatzailek egun handirako esklusiboki egindako diseinu bana ikusgai egongo dela izango da.