Simon Arrieta 1915-1969 liburua aurkeztu zuen atzo Miguel Angel Elkoroberezibarrek Bergarako udaletxean. Pleno Aretoan liburua sortzeko parte hartu zuten hainbat lagun izan ziren, eta baita Simon Arrietaren familiarrak ere.
Elkoroberezibarrek, katalogo soila baino, arimaz beteriko liburua egin nahi izan duela azaldu zuen, eta horretarako herritarren parte hartzea ezinbestekoa izan dela azpimarratu zuen.
Juanje Alberdi Bergarako alkateak Miguel Angel Elkoroberezibarrek egindako lana goraipatu zuen, eta Simon Arrietak horrelako errekonozimendua merezi zuela azpimarratu zuen.
Juanjo Altuna Bergarako Artisten Elkarteko lehendakariak, bestalde, euren asmoa Simon Arrietak margo eta kultura mailan izan zuen aberastasuna azaleratzea izan dela aipatu zuen.
Erakusketa Koldo Mitxelenan
Gaur, arratsaldeko 19:30ean, Simon Arrietaren lanen erakusketa irekiko dute Donostiako Koldo Mitxelenan 28 olio eta 3 marrazkirekin. Erakusketa azaroaren 20an Bergarako Aroztegi aretora etorriko da, eta hilabetez ikusgai egongo dira Simon Arrietaren obrak.