Kilometroak 2016 antolatzea Aranzadi Ikastolari egokitu zaio, eta gaur goizean lekukoa jaso dute aurtengo antolatzaileen eskutik. Hirugarren aldia izango da bergararrek jaia antolatuko dutena —aurretik, 1991n eta 2007an antolatu zuten—, eta "gogor lan" egiteko borondatea erakutsi dute.
Aitziber Lopez de Aretxaga presidenteak eta Ane Barruso zuzendariak hartu dute lekukoa, Xabier Alustiza Udarregiko lehendakariaren eskutik. Ekitaldian, Udarregi Ikastolako zuzendari Mariaje Imazek eta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak ere hartu dute parte.
Lopez de Aretxagak eta Barrusok pozik eta arduratsu hartu dute lekukoa. Adierazi dute dagoeneko lanean hasiak direla 2016ko urriaren 2an Bergaran egingo den Kilometroak jaia antolatzen.
Ane Barruso, Ekaitz Aranberri, Aitziber Lopez de Aretxaga eta Mikel Egibar (Kilometroak 2016ko Koordinatzaile Orokorra).
Azaroaren 7an hasiera ekitaldia
Ekaitz Aranberri 2016ko Kilometroetako Aranzadi Ikastolaren koordinatzailea ere izan da ekitaldian eta aurreratu du azaroaren 7an, zapatua, Kilometroak 2016ri hasiera emango dion ekitaldi berezi baten aurkeztuko dituztela Kilometroak 2016ko irudia, leloa eta arropak, eta hurrengo egunean irekiko dutela denda.
Aranzadiko ordezkariek esan dute, era berean, aurki aurreratuko dituztela datorren urteko kilometroetako helburuak, asmoak eta urtean zehar egingo dituzten ekitaldiak ere.
Kilometroetako ibilbidearen gainen lanean hasiak direla ere adierazi dute.
Urte osoko ekitaldi eta ekimenak, eta datorren urteko urriaren 2ko jaia herriarekin auzolanean antolatu nahi dituztela nabarmendu dute Aranzadikoek.
Imaz, Alustiza, Manterola, Lopez Aretxaga eta Barruso ekitaldian.
Milaka lagun elkartu dira Usurbilen
Milaka lagun elkartu dira Usurbilen Ikastolaren aldeko jaian. Aurtengo ekitaldiak Udarregi Ikastolaren eraikin berria ordaintzeko dirua biltzea du helburu. Urtean zehar hainbat eta hainbat ekitaldi eraman dituzte aurrera hiru ildo kontuan hartuta: parekidetasuna, iraunkortasuna eta inklusibitatea. Urte guztiko lanak gaurko jaian izango du amaiera.
Joanmari Torrealdai omenaldian oroigarria jasotzen.
Juan Mari Torrealdai omendu dute
Torrealdai omendu dute gaurkoan. Besteak beste, Jakin aldizkariko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakari izandakoa da Torrealdai.
Joxe Azurmendik, Torrealdairen lagun eta bidaideak, hartu du hitza omenaldian. Hunkituta hartu du hitza gero Torrealdaik, eta eskerrak eman dizkie Udarregi Ikastolari eta Kilometroak 2015eko antolatzaileei.
Aranzadikoak hirugarren Erronkak
Bestalde, Erronka arrakastatsua izan da aurten ere. Orioko Herri Ikastolak irabazi du finala; Ordiziako Jakintza ikastolak eskuratu du bigarren postua, eta hirugarren postua Usurbilgo Udarregi ikastolaren Bergarako Aranzadiren artean banatu dute.
Ekarpenak egiteko aukera
Usurbilera gerturatu ezin izan duten herritarrei deia egiten die Udarregi Ikastolak, beraien ekarpena egin dezaten kontu korronte hauen bidez:
- Kutxa ES: 56 2095 5001 0091 1435 4829
- Laboral Kutxa ES 22 3035 0235 2223 5003 5198