Ahaldun Nagusiaren asmoa da hamabostean behin Gipuzkoako herri batera gerturatzea, eta bertako ordezkariekin herrian dituzten proiektuen berri jasotzea: "Ekimena ez da berria, aurreko legegintzaldian jarri genuen abian. Izan ere, maila bateko politikariok joera izaten dugu jendea gure bulegoan hartzeko; baina hori ez da ona, neurri batean jendeak, eta kasu honetan alkateek urrun zauden pertsona moduan hartzen zaituztetelako. Horregatik, gurago izaten dugu herrietara joatea, eta ez bakarrik politikarion arteko batzarrak egiteko, baita ere herritarren pultsua hartzeko ere", adierazi dio GOIENAri.
Bergarako alkate Juanje Alberdik positibotzat jo du ekimena: "Gainera, Ekonomia Sustapen Ainhoa Aizpururekin batera etorri da, eta proiektu konkretuen gainean berba egin ahal izan dugu".
Besteak beste, Mizpirualde Zaharren egoitzaren gainean egin dute berba, enpresen eta komertzioen egoeraren gainean, eta azpiegituretan egin beharreko inbertsioen gainean jardun dute. Arratsaldean, berriz, hainbat enpresa bisitatu dituzte.
Hain justu ere, tratamendu termikoen arloan diharduen TTT enpresaren eguneroko lana ikusi dute Markel Olanok eta Ainhoa Aizpuruk. Berrikuntzaren arloan eredu bat da enpresa bergararra, industria aeronautikoaren baldintza zorrotzetara egokitzen jakin duelako. Bertan izandako bileran, Gipuzkoako industria sarea bultzatzeko neurri konkretuen inguruan mintzatu dira. Bestalde, Enpresare elkarteko –Antzuola, Bergara eta Elgetako enpresak nahiz Debagoienako Mankomunikateak batzen ditu– ordezkariekin ere lansaioa egin dute, Ekonomia Sustapenean sakontzeko bideak aztertu asmoz.