Kirol eskaintza zabala dastatzeko aukera izan da gaur Bergaran

Maialen Torres 2015ko ira. 27a, 17:23

Herriko kirol elkarteak ezagutarazteko, eta bide batez, haur, gazte eta helduak kirolaren mundura erakartzeko helburuz, askotariko kirol jarduerak probatzeko aukera izan da gaur goizean Bergarako kaleetan.

Eskubaloian, saskibaloian, eskaladan, jauzika, bizikletan, piraguan –hori izan da edizio honetako berrikuntza–, patinetan eta gimnasia erritmikoan aritu dira Kirola Kalera ekimenera gerturatu diren gazteak. Batzuentzat oraindik ezezagunak ziren kirolak probatzeko edo gustuko kiroletan trebatzeko aukera izan dute Seminarioko patioan, Ibargarain eta Fraiskozuri inguruan antolatutako haur-olinpiadetan.

Herriko kirol elkarte eta klub bakoitzak txoko bat prestatu du eta umeek, taldeka, guztiak probatu dituzte txandaka. Kirol batzuetan lehen aldiz aritzea "zaila" egin bazaie ere, haurrek "primeran" pasa dute, eta besteak beste, eskalada eta piraguismoa aipatu dituzte ekintza gogokoenen artean.

Unai Azurmendi Udaleko kirol zerbitzuko langileak eskerrak eman nahi izan dizkie antolaketan parte hartu duten elkarte eta pertsona guztiei. Gaineratu du, kirol aniztasunaren aldeko apustua egitea "ezinbestekoa" dela: "gero eta kirol gehiago ezagutu, kirol praktika  gehiago errotzen da". Hasierako neurketak kontuan hartuz, Azurmendik esan du 80 ume inguruk eman dutela izena ekintzetan, eta ondoren gerturatu direnekin ere ekintza guztiak "nahiko beteta" izan direla azaldu du, ez ordea, nahi bezainbeste.

"Oso nabaria da gaztetan esperientzia positibo gehienak bizitasun handiko ekintzetan gertatzen direla, eta horretan zerikusi handia du mugimenduak. Mugimendu hori euskaraz egiten bada, gazte horiek errazago errotuko dute hizkuntza hori", dio Azurmendik. Horregatik, goizeko ekintzen ondoren, 13:30ean, lasterketa egin dute herrian zehar. IKUSI ARGAZKIAK

Kirolean ere, euskaraz

Lasterketaren aurretik irakurritako manifestuan, Jardun elkarteak azaldu du gaur egun kirola errespetua eta elkar laguntzea bezalako baloreekin lotu ohi dela, baina azpimarratu nahi izan dute badela horiekin batera zaindu beharreko beste zerbait: euskara. Hori dela eta, Jardun kirolean euskaraz lelopean eta Euskaraz bizi nahi dut zioten banderak eskuan hartuta, bergararrek korrika, patinetan edo bizikletaz egin dute San Martin plazatik hasi, eta Seminarioko patiorainoko bidea. Bertara iristean, talde argazkia atera eta fruta banatu dute antolatzaileek.

"Gure nahia herri osoa euskaraz bizitzea da", dio Maitane Arizabaleta Jarduneko kideak "ezagutza maila handia da, baina nahi baino gutxiago erabiltzen da. Horregatik, Kirola Kalera bezalako ekimenak baliatu behar ditugu egunerokotasunean euskara gehiago erabil dadin".

Hurrengo ekimena

Gaurkoan herriko kaleetan zehar ziren ekintzetan parte hartu ezin izan dutenek, urriaren 25ean izango dute hurrengo aukera. Izan ere, Kirola Kalera egitasmoaren hurrengo edizioa orduan egingo dute, eta Azurmendik azaldu duenez, kirola familian egitea sustatzea izango du helburu. "Buru belarri" dabiltza prestaketekin lanean, baina oraindik ez dute zehaztu zein ekintza egingo dituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak