Iazko edizioan modelo berak eraman zitzakeen denda bateko arropak eta beste bateko betaurrekoak, adibidez; aurten, ordea, modelo bakoitzak komertzio bakarreko produktuak erakutsiko ditu –optika bada, adibidez, arropa nongoa den ez da aipatuko; izan daiteke norberarena ere–.
Hori horrela izatea erabaki dute komertzio bakoitzari bere protagonismoa emateko, tarte propioa. Guztira 35 inguru izango dira urriaren 17ko desfilean parte hartuko duten herriko dendak, hamar alorretakoak: arropa –haurrena eta nagusiena–, oinetakoak, kirolak, lentzeria...; 120 bat, berriz, modelo lanetan ibiliko diren pertsonak.
Bergara Bizi ekimenaren barruan, Bedelkar elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatutako desfilea gauez izango da aurten, 22:00etan –San Martin plazan–, eta horrek ere desberdinduko du iazkoarekiko: "Argitasun desberdina... Gauza polita gabiltza prestatzen", zioen Jo'ka dendako Ainhoa Garitanok; glamour-ik ez ei da faltako: "Jendeak ikusteko badagoela non erosi".