Udako denboraldia
Udako denboraldiari dagokionez, ekainaren 12tik irailaren 20ra 90.000 erabiltzaile izan ditu Agorrosinek. Inoizko abonatu kopuru handiena izatera ere iritsi ziren uztailean: 5.068. Jende kopuru handiak, ordea, eragozpenak ere sorrarazi ditu. Bi egunetan ordu erdiz eta beste bitan ordu eta erdiz itxi egin behar izan zuten kanpoko igerilekurako sarbidea, gehienezko erabiltzaile kopurura iritsita. Segurtasun arrazoiengatik, derrigorrez bete beharreko neurria dela eta aurrerantzean ere horrela funtzionatuko dutela adierazi du Iñaki Ugarteburu udal kirol teknikariak.
Ikasturte berria
Uda amaituta, ikasturte berria ikastaro eta ekintzetan erabiltzaile kopuru handiarekin hasiko du Agorrosinek, inoizko handienarekin: 1.151. Agorrosingo jardueren ardura BPXport enpresak izango du beste lau urtez, kontratua berrituta. Jarduera berriak ere iragarri dituzte.
Bestetik, fitness eta spinning gelak lekualdatu eta berregokitu egin dituzte, eta padel pista urriaren 5erako egongo da erabilgarri. Erabiltzeko interesa dutenek oraindik egin dezakete ordu finkoak hartzeko eskaera.
Kirola Kalera
Azkenik, domeka honetan Kirola Kalera eguna ospatuko da Bergaran. Askotariko kirol modalitateak ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute adin guztietako herritarrek.
- 10:30 -12.00 Haur olinpiadak
- 12:00-13:15 Praktika librea: piraguismoa (Usondo parketik), eskalada, patinajea, txirrindularitza, eskubaloia, saskibaloia, ohe elastikoak, bizikleta eliptikoak, gimnasia erritmiko erakustaldia...
'Euskaraz bizi nahi dut' martxa
Ekimenaren barruan, 13:30etik aurrera Euskaraz bizi nahi dut martxa egingo da. San Martin plazan hasiko da, Agorrosinerantz joango da Zubietatik eta Fraiskozurin amaituko da, Matxiategi zeharkatu ostean. Korrika, patinetan edo bizikletan hartu ahal izango da parte.
Jarduneko Nerea Mendizabal ere izan da gaurko agerraldian, eta herri-martxan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, "ekimen osasungarria eta dibertigarria izateaz gain, euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin eta egindako hautu hori harrotasunez adierazi eta ikustarazteko aukera ematen duelako". Euskaraz bizi nahi dut leloa daramaten kamisetak, banderolak… eramatera ere animatu ditu herritarrak; horiek guztiak salgai egongo dira domekan, 11:30etik 13:00etara, frontoi inguruan.
Hamakak jasotzeko azken aukera
Eta beste ohar bat ere eman du Iñaki Ugarteburuk gaurko agerraldian. Uda sasoirako, norbere hamakak kanpoko igerilekuko biltegian gordeta zituztenek, irailaren 30era arte dute horiek erretiratzeko, 16:00ak eta 20:00ak artean.