Motor hotsak Bergara hartuko du bihar, bertako Cross Country lasterketaren hirugarren edizioarekin. Euskadiko Txapelketako zortzi proba puntuagarrietatik seigarrena izango da, eta ehun parte-hartzaile inguru izango dira, kategoria ezberdinetan.
Arratsaldeko 15:30ean hasiko da errekonozimendu bira. Ondoren, bi orduko txanda hasiko da, eta parte-hartzaileek ahal duten distantzia handiena bete beharko dute oztopoz jositako zirkuituan.
Bergarako Urtzi Markiegik (Euskadiko Motokross Txapelketan bigarren sailkatua) eta Aritz Gimbertek eta Bittor Altuna oñatiarrak parte hartuko dute Cross Country proban.
Antolakuntzako kide Asier Blazquezek dei egin die motorzaleei, zapatuko lasterketa ikustera joan daitezen. Izan ere, Blazquezek kolokan ikusten du Bergarako garbigune ondoko zirkuituarekin jarraitu ahal izatea, eta jendearen babesa nahi du, zirkuitua egonkor bilakatzeko.
Orain arte Udalaren eta Foru Aldundiaren baimenekin dihardute zirkuituan; erakundeok batzar batera deitu dituzte Bergarako klubekoak, Euskadiko Federazioarekin batera.