Gasolindegiarendako 1.100 metro pasako esparrua egokituko du Bergarako Artzamendi enpresak. Besteak beste, hori egin ahal izateko lekua irabazteko erreka ingurura jo dute, eta harri-lubeta bat eraiki. 245.000 euroko (BEZ barik) aurrekontua dute lanok.
Hantxe egokituko du Gipuzkoako Foru Aldundiak Beasain-Durango korridoretik Bergararako sarrera ahalbidetzeko biribilgunea. Eta hortik etor daitezkeen ibilgailuei zerbitzua emango lieke gasolindegi berriak.
Mostegiren pabilioi ondoan
Bestalde, Bergaran bertan bigarren gasolindegi bat eraikitzen ere badihardute. Kasu horretan, AP-1 autobideko Labegaraietako sarrera parean dagoen Mosteiren pabiloiaren ondoan. Eta irudietan ikus daitekeenez, dagoeneko agerikoak dira gasolindegiak izango duen eraikin nagusiaren zutoinak.
Eroski ondoan, hirugarrena
Azkenik, hirugarren gasolindegi bat eraikitzeko baimena ere badu onartuta Bergarako Udalak. Kasu horretan Eroskik eskatu du baimena, Bergarako Leizeaga kaleko supermerkatuaren ondoan, han duten aparkalekuaren zati batean gasolindegia eraikitzeko baimena dute tramitatuta; eskatutako baimenaren arabera, gasolindegi horrek errepiderako irteera propio eta guzti izango luke. Kasu horretan, baina, obrak ez dituzte oraindik hasi eta horretarako datarik ere ez dute zehaztuta.