Goi mailako futbol partidua jokatuko da etzi, egubakoitza, Agorrosin futbol zelaian. Lehen Mailako Eibar eta Bigarren B Mailako Real Union arituko dira nor baino nor gehiago, arratsaldeko zazpietan hasita. Partiduaren aurretik 30 bat urtez klubean lanean aritu den Fernando Oregi omenduko dute.
Superliga ere bai
Egubakoitzekoaz gain, abuztu amaieran Emakumeen Superligako partidu bat ere hartuko du Agorrosinek. Realaren eta Logroñoren arteko lehia jokatuko da oraindik zehaztu barik dagoen egunean. Lehen aldia izango da Bergaran maila horretako partidu bat jokatuko dena eta Bergara Kirol Elkarteko zuzendaritza berriak emakumeen futbola bultzatzeko egindako apustuaren barruan kokatzen du partidu hori antolatzea.
14 talde guztira
Bestalde, datorren denboraldirako erronken berri ere eman zuten atzoko aurkezpenean. Alebinetatik seniorretara hamalau talde osatuko dituzte, gizonezko zein emakumezkoetan. Oso datu esanguratsua da.
Instalakuntzak handitzeko beharra ere aipatu zuen Josu Elortza presidenteordeak atzoko prentsa agerraldian. Instalakuntzak hobetzeko asmoak ez dituzte oraindik Udalarekin eta beste erakunde batzuekin kontrastatu, baina euren asmoetako bat da egungo belar naturaleko zelaian artifizialezko bat jartzea talde guztiek bi zelaiak erabiltzeko aukera izan dezaten. Oraindik, baina, proposamenak dira.
Lehen taldeak, "azkenera arte lehiatzea"
Bestalde, iaz maila galdu zuen gizonezkoen lehen taldeari dagokionez helburua azkenera arte lehiatzea izango dela dio kirol zuzendari Manu Diazek. Horretako ardura izango du lehen taldeko entrenatzaile berria izango den Mikel Juaristik: "Helburua da lehiatzea. Ez diogu uko egiten beste helburuei, baina gustatu litzaiguke azkenera arte lehian ibiltzea. Aukera badago, berreskuratu dezagun maila lehenbailehen", dio Diazek.
Bestalde, euskara plan sendo bat garatzea eta futbol elkartea bergarar guztiengana hurbiltzea ere jarri du helburu moduan zuzendaritza berriak datorren denboraldirako: "Bergaratzen proiektua garatu nahi dugu. Kirola Agorrosindik atera eta Bergarako eguneroko bizitzara eraman nahi dugu. Inplikazioa lortu gura dugu ostalarien, dendarien eta herritarren aldetik orokorrean. Ze lan egiten dugun erakutsi nahi dugu, ze balio transmititzen ditugun", adierazi du Josu Elortza presidenteordeak.