PSE-EEk Bergarako udalbatzan duen ordezkaria, Mari Carmen Barrenetxea, Udal Gobernuko kide izango da, EAJko beste bost hautetsirekin batera. Bi alderdien arteko akordio orokorrak Bergaran ere badu isla beraz, adostutako zenbait puntutan oinarrituta: ekonomia sustapena, hondakinen gaia eta gizarte zerbitzuak aipatu zituen alkateak batzarraren bukaeran. Aurrekontuak arazorik gabe onartzea ere ahalbidetuko dio akordioak EAJri.
Udalean izango dituzten batzordeen berri ere atzo eman zuten; hamar izango dira:
- Ogasuna Ander Alberdiren ardura izango da.
- Barne batzordea, alkatearena.
- Obra eta Zerbitzuak, Lander Arregirena.
- Lurralde Antolamendua, Elena Leterena.
- Gizarte Zerbitzuak, Mari Carmen Barrenetxearena.
- Auzoak, Landa Garapena eta Ingurumena, Iñaki Arregirena.
- Ondarea, Kultura eta Jaiak, Maite Agirrerena.
- Euskara, Gazteria eta Hezkuntza, Izaskun Labaienena.
- Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Enplegua, Sabino Azkaraterena; eta baita kirola ere.
EH Bildu eta Irabazi kexu agertu ziren, ze batzorde eratu eurekin kontsultatu ez dutelako, eta gaiak nola banatu dituzten gustatu ez zaielako.
Atzoko osoko bilkuran jakinarazi zuten, baita ere, Maite Agirre zinegotziak liberatu gisa jardungo duela udaleko lanetan, eta ohiko osoko bilkurak hileko azken astelehenetan egingo dituztela, 19:30ean.