Lau, bost edo sei lagun. "Manitas" samarrak guztiak eta irudimena ere erabiltzen dutenak. Eurak dira egitasmoaren arima. San Joxepe elkarteko lehen solairuan elkartzen dira, hileko bigarren eguaztenean. Jendea animatuko ote zen zalantzarekin hasi ziren eta oso pozik daude izandako erantzunarekin, aldiro joaten zaielako jendea. "Pozik irteten dira, gainera, erremediorik ez duten gailu batzuk kenduta, gainontzeko ia denak konpontzen ditugu-eta", azaldu du euretako batek, Iñaki Alberdik. Batez ere, etxetresna elektriko txikiak eramaten dizkiete konpontzeko, eta gehien gehien plantxak.
Deia, bailarako beste herriei
Bergarako herriari eta interesa duen edonori dago zabalik egitasmoa, eta Arrasatetik, Aretxabaletatik eta Eibartik ere joan izan zaie jendea. Ildo horretatik, enplazamendua ere egin diete Debagoieneko beste herriei, egitasmoa martxan jartzera animatu daitezen, erabiltzaileek hilean egun bat baino gehiago eta herri pare bat gutxienez izan ditzaten aukeran.
Interesa piztu du
Debagoienetik harago interesa piztu duen ekimena da Kafekonpon. Altsasutik etorri dira ezagutzera eta Donostiatik ere bai, bi talde: Donostia 2016 ekimenetik eta Tabakaleratik. Alberdi eta bere lagunak harrituta daude egitasmoa izaten ari den erantzunarekin eta piztu duen interesarekin.
Abuztuan atseden hartuko dute eta irailean itzuliko dira: irailaren 9an, 16:00etan, da hurrengo hitzordua.