Markel Olano eta Denis Itxaso sozialista, biak batera, egin dute agerraldia Diputazioko jauregian. Hain justu ere, ahaldun nagusiaren ordekoa izango da Denis Itxaso sozialista; Kultura, Turismoa, Gaztedia eta Kirolak eta Lankidetza diputatu ere izango da. "Guztientzat" gobernatuko dutela hitzeman du Itxasok, eta azken lau urteotako "ataskotik" irteteko lan egingo dutela.
Bestalde, ahaldun nagusiaren kabineteko burua, Bilduren agintaldiaren aurretik bezala, Xabier Barandiaran izango da.
Debagoiendar bakarra izango da, hortaz, foru gobernu berrian gobernuan: Aintzane Oiarbide. Orain artekoan hiru izan dira: Martin Garitano ahaldun nagusia, Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatua, eta Ander Rodriguez gizarte politiketakoa.
Zinegotzi eta batzarkide
Azkeneko agintaldian Bergarako EAJren zinegotzietako bat izan da Oiarbide. Bozeramaile, gainera, agintaldiaren azken hilabeteetan izan ezik. Batzarkide ere bai. Bide azpiegituretako gaietan EAJren bozeramaile izan da Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eztabaida bizia sortu da hainbatean haren eta Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu oñatiarraren artean; aurretik ezagunak izan ziren bien arteko hika-mikak Goiena telebistaren platoan.
Deskarga, Bidegi, bidesariak… Gai potoloak izan dira agintaldi honetan. Erabat itxi barik geratu direnak. Datozen lau urteotan horiei irtenbidea eman beharko die, besteak beste, Oiarbidek.
Artxiboko irudi baten, Oiarbide, Imanol Lasa alboan duela.
Zortzi diputatu
EAJk eta PSE-EEk osatuko duten Foru Aldundi berriak bost diputatu jeltzale eta hiru sozialista izango ditu. Parekidea izango da: launa emakume eta gizonezko izango ditu.
Diputatuen kargu hartze ekitaldia eguen eguerdian egingo da Foru Aldundian bertan.
Honako hauek dira diputatuak eta izango dituzten ardurak:
- Ogasuna: Javier Larrañaga (EAJ)
- Sustapen Ekonomikoa: Ainhoa Aizpuru (EAJ)
- Gizarte politikak: Maite Peña (EAJ)
- Gobernamendu eta Komunikazioa (bozeramailea): Imanol Lasa (EAJ)
- Bide Azpiegiturak: Aintzane Oiarbide (EAJ)
- Kultura, Turismoa, Gaztedia eta Kirolak eta Lankidetza: Denis Itxaso (PSE-EE)
- Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa: Marisol Garmendia (PSE-EE)
- Ingurumena: Jose Inazio Asensio (PSE-EE)