Herritar guztien zerbitzura egongo dela esanez hartu du kargua Juanje Alberdi jeltzaleak Bergaran

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko eka. 13a, 13:25

Bergaran ez da ezustekorik izan eta Juanje Alberdi EAJren hautagaia izendatu dute alkate. Alberdik bere alderdiaren 8 botoak eskuratu dituen arren, ez du erabateko gehiengoa lortu, baina Udal hauteskundeetan berea izan zenez zerrenda bozkatuena bera aldarrikatu dute alkate. Pozik eta hunkituta hartu du Alberdik Jaione Isazelaia jarduneko alkateak eman dion zumitzezko uztaia. EAJrena baina, ez da izan aurkeztu den hautagaitza bakarra. Irabazi ere aurkeztu da eta bere buruari eman dio botoa. Osterantzean, EH Bilduk ez du hautagaitzarik aurkeztu, iragarrita zuen bezala, eta zuri bozkatu du. Alderdi sozialistak ere gauza bera egin du: ez du hautagairik aurkeztu eta zuri bozkatu du.Gauzak horrela, eta alkate karguari zina egin da, Juanje Alberdik gidatuko du datozen lau urteetan Bergarako Udala.

Legeak hala behartuta eta txalo artean egin dio zina Juanje Alberdik alkate karguari eta kargua hartu bezain pronto, hitza ere hartu du. Hasierakoak esker hitzak izan dira; boto emaileeei, azken lau urteetan berarekin oposizioan izan diren zinegotziei eta baita familiakoei ere, erabat hunkituta.

Orain lanean hasteko unea iritsi zaiela esan du Alberdik baina ez direla hutsetik hasiko. Atzera begira jarrita, Euzko Alderdi Jeltzaleak emandako alkateak ekarri ditu gogora, Jose Antonio Zabala, Imanol Bolinaga eta Victoriano Gallastegi, besteen artean, eta berarentzat eredu izango direla esan du. Baina horiekin batera, Jose Luis Elkoro, Agurne Barruso, Jesus Elortza zein Jaione Isazelaia ere aipatu ditu, nahiz eta askotan eurekin  ados egon ez, guztiek egindako lanagatik iritsi delako Bergara gaur egun dena izatera. Herri arrakastatsua, bere esanetan.

Baina atzera begiratzeaz gain, etorkizunera begira ere jarri da alkate berria eta etorkizuneko Bergara prestatu behar dela esan du, "datozen hamarkadetako bergararrek eredu bat" izan dezaten, "pertsonetan eta baloreetan oinarrituta egongo den eredua".

Alberdik esan duenez, jakin badaki erronka ez dela erraza izango, baina garbi dauka, era berean, herri izaera, anima berreskuratu egin behar dela. Horretarako "mobilizatu" egin behar dela uste du eta "inbertsioen eta porlanaren gainetik",  balorean jarri behar ditugula "herrian ditugun elkarte eta talde guztiak".

Elkartasuna ere azpimarratu du Alberdik EAJren helburu bezala eta horretarako beharrezkoa den ekonomiaren suspertzea ere bai. Azken batean, garrantzitsuena, pertsonak direla esan du: "Gure ekintzan azken helburua bergararrei zerbitzu ematea izango da eta zerbitzu hori beti egon behar da ideologien gainetik. Hona etorri gara bergararren alde lan egitera eta bergararrak izango dira gure lehentasuna".

Ezustekorik ez

Alkate berria izendatzeko prozedura ohikoa izan da eta ez da inongo gorabeherarik izan. Udal idazkariak Adin Mahaia izendatu ostean, hartu dute kargua EAJko, EH Bilduko, Irabaziko eta PSE-EEko ordezkariek; lehen hirurek, legeak ala behartuta formularekin. Aipaztekoa da EH Bilduren kasuan, Arianne Kareagak ez duela kargua hartu. Bere ordez Itsasne Luarizaristik hartu du. Ondoren, alkatea hautatzeko bozketa egin dute.

Juanje Alberdiri dagokionez, bere alderdiaren 8 botoak eskuratu dituen arren, ez du erabateko gehiengoa lortu, baina Udal hauteskundeetan berea izan zenez zerrenda bozkatuena, bada, bera aldarrikatu dute alkate.

Irabazik ere aurkeztu du bere hautagaitza eta bere buruari eman dio botoa.

"Oposizioan kokatzen dugu gure burua"

Osterantzean, EH Bilduk ez du hautagairik aurkeztu, iragarrita zuen bezala, eta zuri bozkatu du. Alderdi sozialistak ere gauza bera egin du: ez du hautagairik aurkeztu eta zuri bozkatu du. Bozketaren aurretik, Agurno Barrusok EH Bilduren izenean, euren erabakiaren gaineko azalpenak eman ditu: "Udal hauteskundeetako emaitzei begiratuta eta horiek irakurrita oposizioan kokatzen dugu gure burua. Oposiziotik egingo dugu lan eta akordiotara iristeko borondate guztia daukagu".

Gauzak horrela, eta Jaione Isazelaia jarduneko alkateak eman dion zumitzezko uztaia hartuta, Juanje Alberdik gidatuko du datozen lau urteetan Bergarako Udala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak