Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Bergarako EAJ: "Garbi daukagu %60ko gaikako bilketa gainditzearena"

Berarekin batera hautetsi jeltzale izango diren zazpi lagunak alboan eta botoa eman zieten herritarrei eskerrak emanda, Juanje Alberdik adierazi du pertsonak izango dituztela ipar datorren agintaldian, eta "gauzak egiteko modua" aldatuko dutela. Akordio bila, gainerako alderdiekin elkarrizketak iragarri ditu, eta hondakinen gainean ere jardun du.

Udalean gauzak beste era batera egin eta bizikidetzan, parte-hartzean eta gardentasunean indarrak jarriko dituztela adierazi du Alberdik, eta "herritarrei informazioa helarazteko bide onenak" bilatuko dituztela.

Gainerako alderdiei dagokienez, akordioa izan du ahotan: "Elkarrizketak hasiko ditugu bai EH Bildukoekin, bai PSE-EEkoekin eta bai Irabazikoekin; eta beraiekin nahi dugu ikustea zeintzuk diren euren lehentasunak, eta, posible bada, saiatuko gara akordioetara heltzen, udaletxean ahal den aniztasun handiena lortzeko".

Hondakinekin "zorrotz"

Hondakinei dagokienez, berriz, Mankomunitatearen Gobernu Junta berria osatzean herrian bosgarren edukiontzia ezartzeko prozesua lantzen hasiko direla adierazi du; baina ez dela bilketa sistema aldaketa soila izango, helburuak jarriko dituztela, Europatik datorren %60ko gaikako bilketari buruz ondorengoa esanez: "%60 hori gainditzearena argi daukagu guk, eta eredua hor daukagu Elgetakoekin. Kontua da ahal den gehien egitea eta ahal diren datu onenak lortzea. Helburu horiek finkatuko dira; finkatuko dira pausoka, eta hezkuntzarekin, jendearekin hitz eginez eta landuz. Ez da izango 'bosgarren edukiontzia jarri eta hor konpon zer gertatzen den'. Helburuak jarriko dira eta jarraipen bat egingo da".

Hondakinen gaian, "jendeak eroso egitea" nahi dutela, baina jendearekin "zorrotzak" izango direla adierazi zuen Alberdik: "Nahi dugu jendeak bere egin dezala benetan garrantzitsuena dena: birziklatzea; birziklatzea eta, hobe, ahal den eta zabor gutxien sortzea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.