Elordi mallabiarra izan zen laukoteko onena Bergara Hiria txapelketako promesa mailako finalean, Pujana markinarrak atzean ondo lagunduta. Ez zuen, hala ere, behar askorik izan Elordik, sakearekin kontrarioak behartu eta erresto osteko errematearekin egin zituen-eta tanto ugari, gantxoz eta txokoan utzita asko.
Nagusien mailako finala ere ez zen partidu polita izan. Perez atzelari urdina pilotara ezin jarriz hasi zen, sake errestoan eta jokoan ere asko galduz. 11-2 aurreratu ziren Arteaga eta Gorrotxategi.
Dariok sakez jarraian egindako lau tantorekin sartu ziren partiduan urdinak, 12-8 jarriz. Abiadura handia eman zien sakeei errioxarrak, eta min egin zuen. Bestela, baina, galtzaile egon zen Dario ere, eta erasoan bi huts eginda alde egin zuten, berriz ere, gorriek. 19-15 eta 20-16 hurbildu ziren berriro, baina gehiago ez.
Eraman beharreko batzuk galdu arren, piloteoan eta pilota jaisten-eta txukun ibili zen Gorrotxategi hernaniarra; bere aurrelaria, Arteaga lasartearra, izan zen, baina, finaleko onena, erremate polit batzuekin.
Gaur, profesionalak
Gaur arratsaldean, berriz, profesional mailako jaialdia egongo da Udal Pilotalekuan, 17:00etan hasita. Jaialdiko lehenengoan Aritz Lasak eta Tolosak eta Jakak eta Ceciliok neurtuko dituzte indarrak. Partidu nagusian, azkenik, Ezkurdia eta Barriola eta Irribarria eta Rezusta ibiliko dira lehian.