Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Juanje Alberdi: "EAJk atez atekoa kenduko du bosgarren edukiontzia ezartzeko"

Txomin Madina Milikua 2015ko mai. 16a, 21:10

EAJren Bergarako alkategai Juanje Alberdik hondakinen bilketa sistemaren inguruan hartu duten konpromisoa azaldu du hainbat alderdikiderekin batera gaur egin duen agerraldian.

Alberdiren esanetan, duela urte eta erdi Bergaran atez ateko hondakinen bilketa sistema ezarri zenetik, herritarrek hainbat kalte pairatu behar izan dituzte ondorio ugari ekarriz: "Kamioiek sortzen duten kutsadura askoz handiagoa da; bergararren egunerokotasunean oztopo eta nahasmena eragiten du; garbitasun falta, usain txarrak eta kaleak geroz eta zikinago egotea dakartza; eta bi urtetan milioi bat eurotik gorako zorra ekarri du".

Elgetaren kasua aipatu du alkategai jeltzaleak, eta han izandako datuak jarri ditu adibide: "%80ko bilketa selektiboa lortu dute bosgarren edukiontziarekin, inolako inposizio gabe, herritarren parte-hartzearekin". Alberdirentzat, datu horiek erakusten dute atez ateko sistema ez dela bosgarren edukiontzia baino eraginkorragoa.

Alberdik gaineratu du, era berean, bere udal taldeak hiru urte daramatzala atez atekoaren aurkako oposizioa egiten, eta EH Bilduko ordezkarien jarrera salatu du: "EH Bilduri eskatu diogu herriari entzuteko, kostuen zenbaki garbiak emateko, eta behin eta berriz aldarrikatu dugu bosgarren edukiontzia. Guztiari ezezko borobila eman diote, zenbakiak ezkutatuz eta erabateko prepotentziaz". Jeltzaleen arabera, horrek adierazten du EH Bilduren eredua inposizioa dela.

Bi gobernu alternatiba

Jeltzaleentzat, bi gobernu alternatiba daude Bergaran, eurena eta EH Bildurena. Hala, Alberdiren esanetan, EAJk ez bezala, EH Bilduk berriz ere gehiengoa ateratzen badu atez atekoa mantenduko du: "EAJk atez atekoa kenduko du bosgarren edukiontzia ezartzeko, bergararren gehiengoa errespetatuz. Hitza ematen dugu".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak