Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Agurne Barruso: "Demokrazia zuzenera egingo dugu salto Bergaran datozen lau urteotan"

Txomin Madina Milikua 2015ko mai. 16a, 17:49

EH Bilduk atzo Bergaran egindako ekitaldian, herrirako alkategai Agurne Barrusoz gain, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagai Xabier Olanok eta Sortuko presidente Hasier Arraizek ere hartu zuten parte.

Barrusok, Olanok eta Arraizek, hirurek azpimarratu zuten boto bakoitzaren garrantzia atzo Bergarako Errege Seminarioan egin zuten EH Bilduren ekitaldian.

Xabier Olanok esan zuen bi eredu daudela: "Eraldaketaren alde gaudenon eredua dago, eta denak lehen bezala jarraitzea nahi dutenena. EH Bilduk eraldaketan sinisten duten guztiekin egin nahi dugu lan, Horiek guztiek dute lekua EH BIldun". Olanok nabarmendu zuen koalizioak erakutsi duela arduratsuak, gardenak eta zintzoak  direla diru publikoarekin; eta ustelkeriaren aurrean, botoekin mintzatuko direla ere esan zuen: "EH Bilduk jasoko duen boto bakoitza, urrats bat da jokabide makur horiek desagertu daitezen".

Hasier Arraizek, bere aldetik, euskal gazteria hartu zuen hizpide bere berbaldia hasteko: "Gure gazteria arriskuan dago berriro, Espainiaren partetik inposizioa eta errepresioa besterik ez ditugulako jasotzen. Gure gazteria maitatzen, zaintzen eta babesten jarraituko dugu, gure etorkizuna delako". Joseba Egibarri beti iraganera begira egotea leporatzeaz gain, aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko ordua dela ere esan zuen: "Asko gara, eta gehiago izango gara. Gu garelako euskal herritar gehiengoaren  interes objektiboak defendatzen duten bakarrak. Horregatik, gure aurrekoek bakarrik ametsetan ikusi zutena, gu gauzatzera goaz".

Agurne Barruso alkategaiak hartu zuen hitza ekitaldia amaitzeko. Azaldu zuen hamaika amets, ilusio eta proiektu dituztela, eta baita horiek burutzeko indarra eta ilusioa ere: "Hori da maiatzaren 24an jokoan dagoena: koloretako ametsak gauzatzeko aukera izatea, edo zementuzko hamazazpi proposamen grisekin konformatu behar izatea datozen lau urtetan"

Demokrazia zuzena lantzeko asmoa ere adierazi zuen: "Herritarren parte-hartzea eta Udalak antolatutako lehen herri galdeketak arautuko ditugu. Eta hori egin eta gero, Udalak antolatutako lehenengo herri galdeketa egiteko moduan egongo gara. Eta egin egingo dugu. EAJk ez digu demokraziaren inguruko leziorik emango". Era berean, EAJren "botere gosea" salatu zuen: "Gutxi batzuen mesedetan erabiltzeko botere gosea du,  edozein preziotan erosteko prest dagoena. Horixe aitortu dute: edozeinekin paktatzeko prest daude gu boteretik kentzeko. Baita zerrenda bozkatuena ez badira ere. Horixe da Bergarako EAJk gure borondateari dion errespetua".

Alkate eta zinegotzi izan direnei omenaldia

Agurne Barrusoz gain, EH Bilduren Bergararako zerrendako gainerako hautagai ia denek ere hartu zuten parte atzoko ekitaldian, eta hala, euskara edo gazteria bezalako gaien inguruko pasarteak irakurri zituzten musikaren laguntzarekin. Agintaldi honetan koalizioaren alkate eta zinegotzi izan direnei gainera, omenaldia egin zieten; Jaione Isazelaia alkateak bertsotan eskertu zuen omenaldia.

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak