Jaurlaritzak 12,5 milioi euroko partida onartu du Bergarako Lanbide Heziketa Institutu berrirako

Eneko Azkarate 2015ko mai. 12a, 23:00

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak 12.450.594,84 euroko gastu-baimena onartu du Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketa Institutuarendako eraikin berria egiteko. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gehienez ere 15 eguneko epean argitaratuko du eraikin berriaren lanen lizitazio iragarkia. 

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak atzo, martitzena, aditzera eman zuenez, lanak 2016ko hasieran hastea espero dute eta obrak burutzeko 24 hilabeteko epea izango dute.

Eraikin berria Bergarako San Martin auzunean kokatuko da, Candy parean, Artabilla gunean, eta egun Bergarako erdigunean dagoena ordezkatuko du. Bi eraikin izango dira gune berrian: bata tailerrak hartuko dituen eraikina (Elektrizitate eta Mekanika zikloak), eta bestea ikasgelak, zuzendaritza eta Administrazio Zikloa hartuko dituena.

Ia 10.000 metro koadro

Eraikitako 9.719,42 metro koadro izango ditu guztira Lanbide Heziketako Migel Altuna Institutu berriak, eta besteak beste, instalazio hauek metro koadro horietan: Elektrizitate Ziklorako 7 tailer-ikasgela (sistema automatikoen tailerrak, instalazio elektrikoenak, elektrizitate tailerrak, azpiegitura tailerra, sistema elektrikoena eta ikasgela teknikoak), Mekanika Ziklorako 12 tailer (automatismoenak, mekanizatuenak, soldaketa eta galdaragintza, CNC zenbaki kontrola, eraikin metalikoak, eta entsegu laborategiak), Administrazio Ziklorako 8 tailer-ikasgela (informatika gelak, administrazio tailerrak, kudeaketa gelak), erabilera anitzeko 12 ikasgela eta liburutegia.

Eraikin berrira joateaz bat, hutsik geratuko dira Ibargarai kaleko Migel Altunako bi eraikinak. Herriaren erdi-erdian daude. Bi eraikinetako bat, Seminarioko jolastokikoa, Udalaren eskuetara pasako da; bestea, Eusko Jaurlaritzarena da. Azken hau etxeak egiteko erabil daiteke; Udalarenari ze irtenbide emango zaion ikusteko dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak