Markel Olanok, EAJren diputatu nagusigaiak, mugikortasuna eta garraioa izan ditu hizpide nagusi gaur goizean Bergarara egin duen bisitan. Hainbat konpromiso hartu ditu bertan, tartean, Deskargako lanak bukatzea: "Konpromiso hori badirudi erraza dela hartzen, baina azken lau urtetan eduki dugun ibilbidea ikusita, badirudi ez dela hain erraza. Bilduk azpiegitura hori erabat blokatu du, eta tamalez hilabete eta urte luzeetan ezingo da behar den bezala ireki. Berriro ere, Bilduren porrota".
Olanoren esanetan gainera, Deskargako lanek frogatzen dute Bilduk proiektuak gelditzeko ahalmena duela, baina ez eraikitzekoa.
Desakargan bidesaria
Gaineratu du, EAJk garraio publikoa sustatzearen alde egiten duela, baina horretarako, ezinbestekoa dela errepide sare egokia izatea.
Era berean, eta bere esanetan lurralde osoan oreka lortzeko, gaitasun handiko errepideetan bidesariak jartzearen alde agertu da Olano, baita Deskargan ere. Jeltzaleen diputatu nagusigaiarentzat, ez da egokia bidesariak bakarrik bailara batzuetan ordaintzea, eta Debagoiena eta Debabarrena aipatu ditu egoera horren adibide: "Nere bailaran, Goierrin, esaterako, ez dute bidesaririk", esan du, eta gaineratu: "Hori orekatu beharra daukagu, eta oreka mantentzeko, ezinbestekoa Deskargan bidesaria jartzea".
Olanok esan du baita ere, N-1ean, Etxegarate eta Irun artean, atzerriko kamioilariei kobratzeko sistema bat ezartzea babesten dutela. Neurri horiekin, egun dagoen 25-30 euro arteko tarifa malgua mantentzeko konpromisoa adierazi du: "Horretarako, dirua jaso egin behar da. Horretarako bidesariak jarri behar dira, eta kamioiek ordaindu egin behar dute. Hori ez bada gertatzen, ez da jasangarria momentu honetan muga hori erabiltzea. Gure konpromisoa da 25-30 euroko muga mantentzea, baina hartu beharreko erabakiak hartuta eta demagogoak izan gabe".
Diputatu nagusigai jeltzaleak Bergaran adierazi duen beste konpromisoetako bat da gaitasun handiko errepide zaharkituak berritzekoa, bere esanetan errepide-sarea txukun eta duina izateko.
Herrian bisita
Bergarara egin duen bisitan, Eider Mendoza eta Xabier Ezeizabarrena hautagaiak izan ditu bidelagun Olanok, eta Bergarako alkategai jeltzale Juanje Alberdiren eta hainbat boluntarioren eskutik, EAJk herrirako dituen hainbat proiektu ezagutu ahal izan dituzte lekuan bertan.