Xalaren kontrakoan maila handia eman zuen bergarar gazteak. Partiduko lehen zatia parekatua izan zen, nahiz eta gehienean Rezusta joan aurretik, alde txikiekin. 13na berdindu zuten, 14-16 joan ziren, eta handik aurrerako tanto denak etxeko pilotariak egin zituen.
Neurketako zati handienean menpean izan zuen Rezustak Xala. Asko eman zion pilotari –bigarren zatian gehiago gozatu zuen; pare bat pilota pasa zizkion Xalari buruz gain–, eta tantoa primeran amaitu zuen, dejadaz eta bi-paretaz.
Xalak defentsako lanean ibili behar izan zuen, eta erasorako aukera izan zuen batzuetan ez zuen tantoa amaitzen asmatu. Rezustari eskuinera atera zion sakea sarri, eta hiruzpalau tanto lortu zituen horrela. Baina amore eman behar izan zuen Bergarakoaren nagusigoaren aurrean.