Iñaki Arriola: "Alderdi sozialistarena aldaketarako eta aurrerapenerako botoa izango da Gipuzkoan"

Monika Belastegi Aranzabal 2015ko mai. 2a, 13:50

Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak gaur, zapatua, eguerdian Bergaran egindako adierazpenak dira horiek. Zenbait berrikuntza lan egin eta gero, Bergarako Herriko Etxea inauguratu dute eguerdian eta Arriola han izan da. Denis Itxaso, Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagaia ere egon da inaugurazio ekitaldian eta baita Bergarako alderdi sozialistako alkategai Mari Carmen Barrenetxea ere.

Bergarako Casa del Pueblo eraberrituaren inaugurazio ekitaldiak bat egin du, gainera, alderdi sozialistaren sorreraren 136. urteurrenarekin eta efemeride hori baliatu du Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak, "Gipuzkoako langileekin eta Gipuzkoako jende apalarekin gure konpromisoa berresteko".

Arriolak esan duenez, Debagoiena ez da gune erraza alderdi sozialistarendako. "Baina hemen gaude", esan du, "beti egon gara hemen eta gure borondate eta konpromisoa da jarraitzea Bergarako eta Gipuzkoako herritarren zati bat ordezkatzen", gehitu du.

Egibar, erantzule nagusia

Gipuzkoaren egoeraren azterketa ere egin du Arriolak Bergaran eta harentzat "Egibar da Gipuzkoan azken lau urteetan gertatu denaren erantzule nagusia". Halaxe azaldu du: "Ezin dugu ahaztu duela lau urte, Udal eta Foru hauteskundeen ostean, alderdi sozialistak eskaintza egin ziola EAJri programadun gobernu sendoak eratzeko Foru Aldundian eta zenbait udaletan, Donostian, kasu. Baina alderdi jeltzaleak uko egin zion akordio horri eta Bilduri gobernatzen laga zion".

EAJren konpromisoa ez da sinesgarria

Maiatzaren 24ra begira jarrita, bestalde, EAJk gipuzkoarrekiko duen konpromisoa ez zaio sinesgarri egiten Arriolari: "Orain Ortuzarrek esaten die gipuzkoarrei matxinatzeko Gipuzkoak bizi duen egoeraren aurrean eta EAJri bozkatzeko, Bilduk urteotan sartu gaituen kaosetik irteteko. EAJ suhiltzaile piromanoa bezalakoa da; lehenik mendiari su ematen dio eta gero, su hori itzaltzeko berme moduan azaldu nahi du. Baina gauzak ez dira horrela. Bere eskuetan egon da Bildu kentzea, eta orain esanten duen konpromisoa ez da sinesgarria".

Eta ildo beretik jarraituta, zera gehitu du: "Ortuzarrek garbi daki EAJk ez zuela lagako Gipuzkoan egin dutena Bizkaian egiten. Paraxutistez ari denean, bera ere Gipuzkoan paraxutista da. Orain dioena duela lau urte egin izan balu, beste Gipuzkoa bat izango genuke orain.

Alderdo sozialista, aurrerapenerako bermea

Horrekin guztiarekin, Iñaki Arriolak garbi dauka alderdi sozialista "Gipuzkoan aurrerapenerako gobernuak izateko bermea" dela, "eta Bilduren gobernuaren amesgaiztoaz ahazteko proposamena, bai Foru Aldundian, baita hainbat herri eta hiritan ere, Donostia, kasu".

Alderdi sozialistaren botoa "Gipuzkoan aldaketarako botoa izango da, aldaketa positiborako botoa, aurrerapenerako botoa", Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiaren esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak