Errekalde jauregian egoitza izango duen Laboratorium museoa ezagutzera emateko lau saio egingo dituzte datozen egunetan: apirilaren 15ean, 16an, 20an eta 21ean. Eta izena aurrez eman beharko da turismo bulegora deituta (943-76 90 03) edo mezu bat bidalita honako helbidera: museoa@bergara.net.
Apirilaren 16ko saioa berezia izango da STOA enpresako museografoak gidatuko dutelako. Horrek erakusketa iraunkorraren nondik norakoak azalduko ditu.
Beste saioetan, ostera, bi espazioak erakutsiko dituzte: biltegia eta Errekalde Jauregiko museoa. Lehenengoan, zergatik museo bat Bergaran? galdera erantzungo dute museoko teknikariek eta ondoren Errekalde Jauregian bertan zer egingo den azaldu.
Museoa ezagutzera eman bakarrik ez, herritarren ekarpenak eta proposamenak ere jaso gura dituztela jakinarazi du Iñaki Irizarrek, museoko teknikariak, "gizarte museo bat izan dadin".
Erreferentziazko museoa
Museoaren oinarria da Bergarako Errege Seminarioaren zientzia museoa. Azken hamarkadatan katalogatu dituzten 3.000 piezatatik zati bat, esanguratsuenak, izango dira Laboratorium museoan. Horregatik "erreferentziazko" museoa izango da.
Errekalde Jauregian izango du egoitza museoak eta ekainean zabalduko ditu ateak.