Fagor Ederlanek errentan hartu du Geyserren orubea, Bergarako San Juan industrialdean, erosteko eskubidearekin. Ederlanek presio txikiko aluminioaren negozioa eramango du Bergarako lantegira.
Orain arte, CNA (lehen Fagor Etxetresnak) dabil Geyserren pabiloian. CNAk esan duenez, 2016ko ekainean aldatuko dute lekuz jarduera; seguruenik, Garagartzara eramango dute.
Fagor Ederlanen plan estrategikoan aurreikusten zen presio txikiko aluminioaren negozioa handitzea. Hazkunde horren ondorioz behar berriak sortu zaizkio Ederlani, eta behar horiei erantzuteko eskuratu du Geyserren lantegia. Presio txikiko aluminioaren ekoizpena Arrasaten dauka gaur egun Fagor Ederlanek.
2017an hasiko dira Geyserren
Kooperatibak esan duenez, 2017a baino lehen behintzat, ez dira Geyserren lanean hasiko. Denborak esango du Arrasateko produkzio osoa Bergarara eramango duen edo bi lekuetan jardungo duen; eta era berean, gaur egungo lantaldearekin egingo duen produkzio berria edo langile gehiago behar izango dituen. Ederlaneko iturrien arabera, seguru asko, langile berri batzuk behar izango ditu.
Ur-berogailuen negozio osoa, CNArena
Bestalde, CNAk Geyser multinazionalarekin joint-venture bat zuen Vaillant markako gasezko ur-berogailuak egiteko, eta hori martxoan bukatu da; orain, negozio osoa CNArena da. Aurrerantzean, CNAk bakarrik jarraituko du ur-berogailuak egiten, baina ez du Vaillant marka erabiliko. Vaillanti salduko dizkio berogailuak eta hark kudeatuko du marka.
Joan den asteaz gero, ur-berogailuen ekoizpena berriz Basaurin egiten da, baina asmoa da produkzio hori Arrasatera ekartzea.